‘Gizakia eta animalia’ izeneko argazki lehiaketako sariak banatu dira

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 9a

Lehiaketara aurkeztu ziren lanen artean, epaimahaiak goian ageri den argazkia aukeratu zuen. TTIPI TTAPA

Umeen mailan Léa Beaules azkaindarrak irabazi du

Ekainaren 27an banatu ziren Turismo Bulegoak eta Herriko Etxeko Kultura Zerbitzuak antolatutako argazki lehiaketako sariak. Gizakia eta animalia izeneko sariketak arrakasta haundia izan zuen bai inguruan eta bai nazioartean ere. Izan ere, Frantzia, Espainia, Belgika, Italia eta bertze hainbat lekutakoen lanak aurkeztu ziren. Gaia berdina zen guztientzat, baina sormen lanetan aniztasuna nabaria zen. Azkenean, lehendabiziko bi sariak Frantziarat joan ziren, Mulhousera eta Calaisera, hurrenez hurren. Mariette Cardinalek eraman zuen lehen saria —irudian ageri da saritutako argazkia—, eta Michel Guerbadotek bigarrena.

Bertzelako sariak ere banatu ziren La Layrinthe argazki galerian egindako ekitaldian. Horien artean, bat herrian gelditu zen: umeen mailan, Léa Beaulesek irabazi zuen. Publikoarena, berriz, Urruñako Sonia Penelentzat izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun