Aurtizko ur biltegi berriak Malerrekako 3.500 erabiltzaile hornituko ditu

ttipi-ttapa 2007ko uztailaren 9a

Miguel Angel Petrirena alkatea uraren tratamentuaren makina martxan paratzen, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko kontseilariaren bisita egunean. TTIPI TTAPA

Ituren, Elgorriaga, Doneztebe, Zubieta eta Sunbilla

Hamar urteren ondotik, duela hilabete inguru ireki zuten Aurtizko ur biltegi berria. Proiektu berriak guztira 3.500 bizilagun hornitzen ditu, Ituren, Elgorriaga, Doneztebe, Zubieta eta Sunbillakoak, hain zuzen. Halere, Donezteben azken obra batzuen esperoan egon beharko dute, herriko ur-biltegira egokitze-lan batzuk egin arte. Sunbillakoa, azken faserako utzi da, baina laster paratzea espero da. Idorte garaian izaten ziren ur arazoei aitzin egiteko abian paratu zen Mendaur Planaren barrenean garatutakoa da proiektua.

Orain arte ura hainbat iturritatik hartzen zen: iturendarrek Borzadar, Xelat, Lertxundi, Berrurta eta Iturriatik; Elgorriagak Malkorratik; Doneztebek Errotazarretik; Sunbillak Bidasoa ibaitik, eta Zubietak Txitxillotik. Orain, ordea, denek Aurtitzen dagoen ur-biltegi berria erabiliko dute.

1,9 milioi euroko aurrekontua izan duen obra hau Mariezkurrena enpresak egin du eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak finantzatu. Hemendik aitzinera, berriz, Malerrekako Mankomunitatea arduratuko da mantenimenduaz. Ur biltegi berriak bi depositu eta ura edangarri egiteko makineria du. Gisa berean, aipatu, ur biltegi berrira ailegatzen den uraren emaria segunduko 13 litrokoa dela, eta erran dutenez, beharraren arabera, kopuru hori haundi daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun