Kalifornia eta Nevadako euskaldunekin egon berri da Ttipi-Ttapa telebista

ttipi-ttapa 2007ko uztailaren 9a

Argazkia Winnemucako euskal bestan ateratakoa da, eta bertzeak bertze, Joxe Miguel Rekondo lesakarra, Agustin eta Fidel Mitxelena aranztarrak, Miguel Inda almandoztarra eta Pedro Mª Eizagirre sunbilda

Grabatu diren 17 programak URRItik aitzinera emitituko dira

Iragan mendeetako emigrazioak berebiziko eragina ekarri du gure herrietako familia ugarirentzat. Joandako gehientsuenak urte batzuk han pasatu ondotik Euskal Herrira itzuli ziren. Bertze batzuk, ordea, hantxe egiten dute bizia gaur egun ere. “Euskal artzainak Ameriketan” egitasmoarekin, Ttipi-Ttapa Fundazioak gizatalde honi buruzko informazioa jaso, digitalizatu eta hedatu nahi du. Horretarako, Ttipi-Ttapa Telebistako 2 lankide egon berri dira hiru astez Kalifornian eta Nevadan 17 programa grabatzeko. Orain, han grabatutako erreportajeen post-produkzioa eta edizioa egin ondotik, Euskal Herriko 7 herri telebistetan emitituko da “Euskal artzainak Ameriketan” izeneko erreportaje-saila. Zehazki Bizkaian Oizmendi Telebistan, Gipuzkoan Goiena Telebista, Goierri Telebista, 28 Kanala (Tolosaldea) eta Zarautz Telebistan, eta Nafarroan Xaloa eta Ttipi-Ttapa Telebistetan. Azkenik, Euskal Etxeetara bidaltzeko eta, orohar, interesatuak egon litezken pertsona ororentzat, DVDak ere editatuko dira .

Ibilbideari hasiera emateko, Bakersfieldeko (Kalifornia) euskal bestan egon ziren. Maiatzaren 27an izan zen hori. Mila lagun ingururen topaleku bihurtu zen Kern Count Basque Cluba. Gehienak baztandarrak, baina baita inguruko bertze herrietatik joandakoak ere. Desfilearen aitzineko aldean AEBetako bandera eta ikurrina. Horietako bat Pako Iturriria lekaroztarraren eskuetan. Gibeletik, klika. Inguruetan dantza, abesti eta doinu euskaldunik ez zen falta.

Bakerslfieldetik Fresno, San Frantzisko, South San Frantzisko… eta Petalumara, eta hor, Euskal Etxeak antolatutako bertze besta baten lekuko izan ziren. Artzain joandako jendea aunitzekin egoteko aukera izan zuten Petaluman, eta euskal doinu eta dantzek ez zuten hutsik egin. San Frantziskoko Euskal Etxearen 25. urteurrenaren harira egindako besta izan zen Petalumakoa. South San Frantziskon, AEBetako Euskal Etxeen arteko mus txapelketaren lekuko izan ziren. Eta irabazleen artean, sunbildar bat.

Eta Kaliforniatik Nevadara: Reno, Carson City eta Winnemuca. Bestarik haundiena Winnemucakoa izan zuten. NABO erakundeak edo Euskal Etxeen konfederazioak bere urteroko biltzarra zuten Winnemucan.«Istorio aunitz dira, bizipen aunitz eta den-denak agertzea kasik ezinezkoa da –diote Goizalde eta Edurnek–. Zenbatzen hastea ezinezkoa gertatuko litzaiguke, baina bihotza bete zaigu. Baita beraiei ere».

Osotara egin diren16 ordu baino gehiagoko grabaketekin, urritik aitzinera 17 kapituluko erreportaje bilduma emitituko da, Ttipi-Ttapan eta bertze 6 tokiko telebistetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun