Mikel Goñik Lesakan jokatzen du

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 9a

Olaizolak uste baino errazago irabazi zuen partida. Pilotariek ez zuten hutsik egin, Abel ere ongi aritu zen, baina kontua da Aimar oso indartsu atera zela eta hotz eta bortitz aritu zela. Dena alde izan zuen Goizuetako aurrelariak.
Bigarren koadrotik ez zen mugitu ere egin. Bertatik bere gustura tanto bakoitzaren norabidea maneiatu zuen. Peloteoan jaun eta jabe izan zen, eta gehienbat ez zuen erantzunik jaso errematean. Tanto erdiak ia ezkerreko eskuarekin egin zituen, gantxoz..eta gainerakoak izkinean erremate eginda…
Bere aldetik, Abelek profesionaltasun osoz zuen guztia eman zuen, baina ez zen nahikoa izan goizuetarraren aurrean. Bertzea hobe izan zen, baina berak bere kasta erakutsi zuen. Beti itxaropena mantendu zuen, baina 17-8ra iritsi zenean markagailua, etsitu zuen.

Hasieran 9 tanto egin zizkion Aimarrek Abeleri. Lehenengo tantotik bere arma guztiak kantxaratu zituen.
9-0aren ondotik, markagailua 15-1, 16-6, 17-8 eta 22-8 egon zen. Lau t´erdiko San Ferminetako txapelketa honen final erdiak Oinatz Bengoetxea, Aimar Olaizola, Abel Barriola eta Martinez de Irujok jokatu dute. Dena den, Martinez de Irujok min hartu zuen Aimarren aurka jokatutako partidan eta partidua irabazitzat eman zitzaion Abeleri.
Botillero lana egin zuten Asier Olaizola eta Olaetxeak.

Pilotatik erremontera pasa gaitezen. Astearte eta ostegunean jokatuko dira Kider txapelketako final erdiak. Igandean Uterga-Etxeberria III Doneztebeko bikotea 24 tantotan geratu zen Urrutia eta Urrutiaren aurrean. Doneztebeko bikotea ongi aritu zen eta gehienbat Uterga, 24 tantoak berak izan baitziren.

Eta esku pilotarekin akitzeko, astelehenean Lesakako besten egitarauaren barne, pilota jaialdia aurre ikusita dago. Arratsaldeko 18:00etan hasita Aspek bere taldeko pilotariak aterako ditu.
Lehenengo partidan Baleztena eta Apeztegia, Larralde lesakarra eta Arrutiren aurka ariko dira, eta bigarrenean, Eugi eta Laskurain, Mikel Goñi eta Paskualen aurka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun