Bikotekako Kider erremonte txapelketa Huarteko Euskal Jai Berri frontoian jokatuko da uztailaren 6, 7, 8, 10, 12, 13 eta 14ean. Jaialdi bakoitzean 4 partida jokatuko dira eta denak arratsaldeko 16:0etan hasiko dira.
Kider txapelketa zuzeneko kanporaketa bidez egingo da, final laurdenetan bi partidu egingo dira, bertze bi finalerdietan, eta finala, uztailaren 14ean, San Ferminetako azken egunean. Parte hartzen duten 6 bikoteak hauek dira: Urriza-Lizaso, Altuna I-Etxeberria III, Altuna II-Iriarte, Juaristi-Urrutia, Ezkurra-Olazar eta Zeberio II-San Miguel. Hortaz, 12 erremontelari erdiak gure eskualdekoak dira. Doneztebeko Lizaso, Etxeberria III, San Miguel, Olazar eta Ezkurra eta Saldiasko Urrutia.
Ezkurra-Olazar eta Zeberio II-San Miguel zerrenda buru izango dira eta zuzenean final erdietan sartuko dira.
Ohi moduan, Kider txapelketak momentu honetan dauden erremontelari onenak biltzen ditu eta hauen artean, Koteto Ezkurra eta Patxi Zeberio azpimarratu behar ditugu. Kotetok banakako txapelketa 9 aldiz irabazi du eta Patxi Zeberio da egungo txapelduna. 2006an Ezkurra eta Etxeberria III bikotea 40-39 nagusitu zitzaion Zeberio II-Urrutia bikoteari.
Ostiralean hasten da lehia. Final laurdenetakoa jokatuko dute Urriza-Lizaso, Altuna I-Etxeberriak. Dena den aipatu behar da Urriza, Iruñeko aurrelariak, zintzurreko infekzio bat duela eta agian, azken momentuan baja izan daiteke. Bere tokia Bitoriak beteko du. Urriza da une honetan erremontelari profesionalen plantillan dagoen iruindar bakarra eta enpresak berak jokatzea nahi du bertako jendea erakartzeko.
Bigarren hitzordua larunbatean izango da. Altuna II-Iriarte Juaristi-Urrutiaren aurka ariko dira.
Asteazkenean egin zen aurkezpena Iruñeko udalak Zapateria kalean dituen bulegoetan. Bertan izan ziren erremontelari guztiak Urriza eta Iriarte ezik. Gainera, instituzioetako ordezkariak eta Jesus Mari eta Emilio Zabala, Kider enpresako lehendakaria eta ordezkaria izan ziren. Kider zurgin enpresa da txapelketa honen babeslea.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!