Nafarroako Gobernuko enplegu zerbitzuak ekaineko langabe datuak argitara eman ditu, eta hauen arabera,maiatzeko hilabetearekin alderatuz, 351 pertsonetan hazi da. Hortaz, denetara 19.196 langabetu daude, 6.827 gizon eta 12.369 emakume. Langabezia igo den bertze erkidegoak Andaluzia, Kanariar Uharteak, Katalunia, Valencia, Extremadura eta Murtzia dira.
2006an ez bezala, non ekainean lehen aldiz langabezia jautsi zen,2007ko ekainean igo da eta bertze urteetako bataz bertzekoa gainditu da, 208koa bai zen kopurua. Dena den, eta nahiz eta 19.196 langabetu izan, 2001. urteko ekainetik, zifra apalena da. Honek erakusten du Foru Erkidegoaren lan merkatuak garapen positiboa izan duela azken hilabeteotan eta hala, 2005. urteko azarotik hartutako joera mantentzen dela.Lan Zuzendari Orokorra den Jose Maria Roigek azaldu du langabezia gehien hazi den sektoreak eraikuntza eta epe baterako enpresak direla.
Kontratazioari dagokionez, Roigek bere kezka agertu du kontratuen zenbatekoa jautsi delako, bai osotasunean, bai behin betikoetan. Ekainean 21.976 kontratu sinatu dira, maiatzean baino gutxiago eta 2006ko ekainean baino gutxiago ere. Behin betikoen zenbatekoa oraindik ere adierazgarriagoa da, 2006ko abuztuko apalena izan bai da.
Langabeziak behiti egin du Agoitz eta Lizarran, baina gainerako eremuetan, goiti egin du. Tafallan %7,8 hazi da, Lodosan %4,51, Altsasun % 2,65, Tuteran %1,97, Iruñan % 1,74 eta Donezteben %0,96.
Sexuen arabera, 12.369 emakumek pairatzen dute, hortaz, aurreko hilabetean baino %1,68 gehiago eta gizonezkoen kasuan, 6.827 gizonek izena eman dute, hau da, %2,20ko hazkundearekin. Adin taldeei dagokionez, 2.004 pertsona dira 25 urtetik behitikoak, hau da, %2,61 igo da eta 25 urtetik gorakoak 17.192 dira, %1,78 handituz kopurua.