Lan publiko, garraio eta komunikazio departamentuak memoria argitaratu du

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 3a

88 miloi euroko inbertsioa egin da

Nafarroako Gobernuko Lan publiko, garraio eta komunikazio departamentuak, 2006ko memoria argitaratu du, eta bertan, azken urtean egindakoak eta 88 miloi eurotako inbertsioa egin izana biltzen da.

Lan Publiko departamentuari dagokionez, bide sarearen mantenua eta hobetzea, eta zabaltzea ekinbide nagusienak. Honen barne sartzen dira bide segurtasuna, trenbideko materiari dagozkion egitasmo nagusienak eta geologia, geoteknia eta kartografiari dagozkionak.

Garraio Zuzendari Orokorrak adierazten du garraio, dirulaguntza, antolaketa eta gaitasunaren kudeaketa eta antolamendua. Era berean, garraio sektoreko ekintzen garapenaren berri ematen da: hiri arteko bidaiariena, herri artekoena, eskolakoa eta lanekoa.

Memoriak agertzen duenaren arabera, Nafarroako errepideetan trafiko intentsitatea %5 hazi zen eta bataz bertzekoa, 6.752 ibilgailu eguneko da. Zirkulazioa bide guztietan igo da, interes orokorrekoetan izan ezik. Autobide eta autopistek biltzen dute trafikoaren zati nagusiena 17.211 ibilgailurekin, segidan heldu da interes orokorreko sarea 6.027rekin eta Foru Erkidegoko interes sarea 2.261ekin. Herri arteko sareak bataz bertze 1.510 ibilgailu izan zituen.

Bertze urte batez, A-1 errepideko Nafarroako zatia eta Iruñeko ingurabidea dira Nafarroan joan-etorri handiena dutenak. Bataz bertze azken 9 urteotan %31 hazi da, 30.212 eta 20.965 ibilgailurekin, hurrenez hurren.
Baina nahiz eta autoen kopuruak goiti egin, istripuen zenbakiak behiti egin du %33an. 2006an 253 istripu izan ziren eta 42 hildako suertatu ziren.
Memoriak ere Lan Publiko Departamentuaren datu ekonomikoak biltzen ditu. Zehazki, 2006an 88,3 miloi euro inbertitu zituen. Hauetatik 41,7 bide sarea zabaltzeko erabili ziren, 34,9 mantenurako eta 11,5 egitasmoak gauzatzeko.
Baita ere argitaratzen da ardatz estrategikoen bizkortze planak 270 miloi euro aurreikusten dituela 29 ekinbideetan. 2002-2009 errepideen zuzendari planaren barne 116 egitea aurreikusten da eta 68 akitu edo akitzear daude.
Garraio Zuzendari planak bidaiaren garraio publikoaren berri ematen du, errepidean, trenbidean eta hegazkinez. Oraindik ere trena hegazkina baino gehiago erabiltzen da. Trena 274.500 bidaiarik erabili zuten, hau da, iaz baino %12,6k. Noaingo aireportutik pasa ziren bidaiariak 367.882 izan ziren, hau da, %9 gehiago. Denetara 7.613 hegaldi egin ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun