Zugarramurdik 235 biztanle ditu eta leizeek 73.000 bisitari baino gehiago hartzen dituzte urtean zehar.Ekainaren 9an berriz ere zabaldu ziren pasa den maiatzaren 4ean gertatutako uholdeek erabat suntsitu ondoren. Metro karratuko 207 litro bildu ziren. 25 pertsonek etengabe lan egin dute eta horri esker, hain azkar prest izan dituzte. Lanak 150.000 euro kosta dira eta kontutan hartuz 2006ko maiatzeko datuak, 10.000 bisitari gutxiago sartu ahal izan dira. Dena den, moldatu zireneko 3 aste hauetan 1.000 pertsonek bisitatu dute.
Euriak eragin txarra izan zuen leizeetan, baina ez sorginkeriaren museoan. Azkenean uztailaren 20an zabalduko da, nahiz eta hasiera batean pasa den urteko data aipatu.
Azken asteotan Kataluniako Stoa enpresak barneko muntaia egin du eta bera izan da egitasmo museografikoa gauzatu duena. Erakinak jatorri erlijiosoa zuen, baina orain sorginkeriaren gune izanen da. 4 solairuetatik 3 martxan egonen dira hilabete bateko epean.
Xareta eremuan kokatzen denez, Urdazubi, Sara, Ainhoa eta Zugarramurdik elkarlanean hainbat egitasmo garatzen dituzte. Hau dela eta, Europatik dirulaguntzak lortu ahal izan dituzte. Egitasmoak 1,6 miloi eurotako inbertsioa suposatzen du, lanak eta ekipamendua aintzat hartuz.
Zugarramurdin baliabide turistikoen arduradun berria dago, Berako Ainhoa Agirre. Berak eramanen ditu lojamendu turistiko moduan baliatutako errota, leizeak eta baita museoa ere.
Museoaren proiektuaren egileek ekipamendu honen bidez Zugarramurdi eta Xaretari laguntza eskaini nahi diete kultur turismoa bulkatzeko. Aunitz jende kobazuloak bisitatu eta historia pixka bat ezagutzeko gogoz geratzen da eta orain irakurri eta dauden mitoak hausteko aukera izanen da.
Museoaren 4 solairuak sorginkeriaren inguruko historiak kontatzeko erabiliko dira. Garrantzi handia ematen zaio 1609 eta 1610 urteetan gertatutakoari, Logroñoko auzia eta Maria Ximildegiren mitoaren sorrerari.
Behitiko solairuan bisitariei harrera eginen zaie eta 80 pertsonentzako tokia duen auditorio bat egin da. Gainera aurre ikusi da programazio propioa eratzea, tailer, hitzaldi, zinema ziklo eta bertzeekin. Sendabelarren tailerrak, ipuin kontalariak eta eskolako umeentzat eta taldeentzat bisita gidatuak egitea ere pentsatu dute. Sarbidean turismo bulego txiki bat jarriko da.
Bertze solairuetan Logroñoko prozesuaren historia ezagutzera emanen da, Urdazubiko abadeak Zugarramurdiko bizilagunak salatu zituen eta. Bigarrenean, XVII. Mendeko Nafarroako landa gizartearen ibilbidea, 7.000 jazoerekin, historian inoiz ezagutu ez den sorginkeri prozesu larriena eta bertze agertzen dira.
Solairu guztietan argi eta itzalek, errealitate eta mitoarekin jokatzen dute. Zugarramurdiko lehenagoko erietxearen teilatua 2005ean moldatu zen eta ondotik etorri dira gainerako lanak. Sarrera 4 euro kostako da.
2006an 73.000 bisitari zenbatu ziren leize eta herrian. 11 landa etxe daude, 4 jatetxe eta 3 ostatu. Euskaldunak, frantzesak, katalandarrak, madrildarrak eta balentziarrak dira bisitari ohikoenak. Bidai agentzi eta operadoren bidai pakeetan sartzeko prestatzen ari dira. Herria prest eduki nahi dute zugarramurdiarrek.