Nafarroako Gobernuko kultura eta turismo departamentuak informaziorako teknologia berriak eta irakurketa sustatzeko laguntzen deialdia ebatzi du. 62 udal liburutegiek izena eman dute eta denetara 59.970 eurotako dirulaguntza jasoko dute.
Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen duen gastuaren portzentaia %40tik-70 artekoa izanen da. Dirulaguntzaren portzentai handiena populazio txikietan kokatutako liburutegiek jasotzen dute. Ekintza hauek prestatzeko zailtasun handiagoak izaten dituzte antolakuntza eta aurrekontu aldetik. Hirietako liburutegiek %40a hartzen dute.
Deialdi honen helburua liburutegi publikoetan informazio eta komunikaziorako teknologiak eta irakurketa bultzatzeko programazioa sustatzea da. Udalak dira ekintza hauen antolatzaileak, liburuzainen laguntzarekin.
Deialdiaren arabera, laguntza jaso dezaketen ekintzak hauek dira: igerilekuetako liburutegiak; irakurketa klubak; liburu eta irakurketari buruzko lehiaketak; ipuin kontalariak; irakurketa bultzatzeko ikastaroak; erakusketak; irakurketa gidak; literatur emanaldiak; idazketa tailerrak; informaziorako teknologia berrien erabiltzaileen formakuntzarako tailerrak eta antzerkia irakurketa eta informazio teknologia berrien lanak sustatuz.
Deialdia 2006ko urriaren 16an argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialak eta ondotik 2007ko martxoaren 30ean, aurrekontua handitzeko.
Jasotako eskaerak puntuatu dira irizpide hauek kontutan hartuz: zorroztasuna; originaltasuna; barietatea eta programazioaren jarraipena, 55 puntu. 2005 eta 2006 urteetan liburutegi publikoek biztanleko utzi dituzten dokumentuen tasa, 30 puntu eta 2006an liburuak erosteko udalek emandako diru kopurua, euro-biztanleko, 15 puntu.
2006an lehen aldiz egin zen deialdia eta denetara, 44.000 euroko aurrekontua izan zen.
Aurten kantitate hau 60.000 eurotaraino goratu da.
62 liburutegi horien artean gure eskualdekoak ere badaude. Leitzak 83,7ko puntuazioa lortu zuen eta horren arabera, 1.137 euro jasoko ditu 8 ekintza egin ahal izateko. Lesakak 77,1ko puntuazioa eta 1.048 euro jasoko ditu 6 ekintza gauzatzeko. Berakoak 72,7ko puntuazioarekin 988euro jasoko ditu 6 ekintza egiteko eta Baztangoak 56,6koarekin, 769 euro jasoko ditu, 3 ekintza bideratzeko.