Lakuntza-Aralar mendi krosean parte hartu du Berako Manttale mendi taldeak

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ekainaren 27a

Uztailaren 29an Munduko kopako froga batean parte hartuko dute

Lakuntza-Aralar mendi krosa ospatu berri da eta Berako Manttale taldeak emaitza ezin hobeak lortu ditu. Iñigo Lasaga eta Cristina Arbues laugarren izan ziren eta federatu gabekoen artean, Lorea Agirre beratarra lehena sailkatu zen.

Lakuntzan du irteera froga honek, hau da, 490 metrotako garaieran. Guztira 28,5 kilometro egin behar izaten dute parte hartzaileek eta ibilbidearen puntu altuena Irungarrietan izaten du. Bide erditsuan kokatzen da, zehazki, 13,7 puntu kilometrikoan eta denetara 1.430 metro ditu. Lasterketak Aralarko parkea, San Migel, Irungarrieta zeharkatzen zituen, Lakuntzan akitzeko.

Manttale taldeak 9 kirolari eraman zituen frogara, 7 gizon eta 3 emakume, eta taldeko fisioterapeuta den Txomin Irazoki.
Patxi Irazoki igantziarrak ez zuen zorterik izan. Ionut Zinka lasterketa burua jarraitzen zuen bertze 2 atletekin eta seinaleztapen okerra hartu eta bidez nahasi ziren. Hortaz, sailkapenean ez zuen inolako aukerarik izan, nahiz eta berriz ere ibilbidean sartu eta bukatu nahi izan.

Ionut Zinka, Beran ospatutako Euskadiko txapelketako irabazle izan zen, eta kasu honetan ere, garaipena eskuratu zuen. 2:09:25 segundoko denbora egin zuen eta Iñigo Lasagak ibilbidea 2:23:01ean osatu zuen; Joxelu Loiarte 17. izan zen 2:28:57rekin, Igor Agesta 45. 2:38:55rekin, Alfredo Telletxea 87. 2:50:09rekin, Cristina Arbues 194. 3:09:26segundurekin, Patxi Irazoki 232. 3:20:27rekin, Lorea Agirre 269. 3:29:03rekin eta Juanma Molinero 328. 4:27:28rekin.

Uztailaren 25ean Manttaleko partaideek Burgosen jokatu den Espainiako Copako froga batean parte hartuko dute. Hauetako batzuk eta Fernando Etxegarai, uztailaren 29an Italiako Munduko txapelketako froga puntuagarri batean egonen dira. Fernandok Euskadiko selekzioarekin parte hartzen du txapelketa honetan eta sailkapen orokorrean hirugarren postuan dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun