Ostegunean hasten dira Doneztebeko San Pedro bestak

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ekainaren 27a

Avelino Mitxeo zinegotziak jaurtiko du altxaferua

Besten denboraldia Irurita eta Urdazubiko Salbatore bestekin hasi zen. Segidan etorri ziren Berroetako Mendekostes bestak. Almandozen Besta Berri ospatu zuten, Alzatekoak ere pasa ziren eta berriki, Saldias eta Arizkungo San Juanak. Hortaz, orain San Pedroen txanda iritsi da Erratzu eta Donezteben.

Doneztebeko San Pedro besta hauek, udal aldaketarekin heldu dira. Ostegunean arratsaldeko 20:00etan Avelino Mitxeo zinegotziak izanen du lehen altxaferua jaurtitzeko ohorea. Aurtengo bestek 45.000-50.000 euroko aurrekontua izanen dute. Ez da berrikuntza handiegirik sartu eta goiti behiti beste urtetakoa mantendu dela adierazi digu Migel San Migel alkateak. Dena den, zesta punta txapelketako finalak dira agian, berrikuntza nagusiena.Udal aldaketa gertatzean, legegintzaldi honetakoek dena egina aurkitu dute.

Udalak antolatzen ditu bestak eta aurrekontuaren zati handiena musika taldeetan eta txarangan xahutzen da. Egitaraua argitaratu da, baina zenbait aldaketa egin dituzte. Adibidez, larunbatean arratsaldeko 17:00etan mus txapelketa izanen da El Cafe ostatuko terrazan eta ez igande eguerdian iragarrita zegoen moduan.

Burrunba gazte taldeak ere bere guna antolatu du besten barne. Maider Irazoki elkarteko kideak adierazitakoaren arabera, igandean ospatuko dute. Goizeko 9:00etan gosaria izanen da, 11:00etan herri-kirolak izanen dituzte:arpana, ingudea, koxkor biltzea…,14:00etan bazkaria Santa Luzia plazan. Entsalada, zerri kostilak, sorbetea, postrea eta kafea izanen da menua, eta kopak Burrunba taldeak jarriko ditu. Bazkarirako txartelak 20 eurotan salgai daude Titi eta Ekaitza ostatuetan eta osteguna da txartelak erosteko azken eguna. Bazkal ondoren, Arkaitz eta Mirian Aurtizko trikitilariak ariko dira giroa alaitzen eta segidan poteoa izanen da trikitilariekin.

Ostiralean ospatzen da San Pedro eguna eta bertzeak bertze, meza nagusia izanen da Mendi abesbatzak kantatua. Segidan bandera dantza, trapatan eta tradiziozko bertze dantzak eskainiko dituzte herriko dantzariek. Erraldoi eta buru handiak aterako dira herriari itzulia emateko eta geldialdia eginen dute udaletxearen atarian hamaiketakoa egiteko. Gauean dantzaldia izanen Gaubela taldearekin. Larunbatean udal txikiaren eguna ospatuko da. Harrera eginen diete Herriko etxean eta alkate txiki eta zinegotziek suziria jaurtiko dute. Segida, meza nagusia izanen da Udal txikikoen agintepean. Haurrentzako jolasak izanen dira egun guztian zehar eta animalien ikuskizuna. Jalisko Banda taldeak jarriko du musika egun honetan. Igandean Lesakako Musika bandaren emanaldia izanen da eguerdi partean eta arratsaldeko 18:00etan aizkora desafioa. Luis Mari Belarra eta Antonio Senosiain, Juan Telletxea eta Antonio Jaurenaren aurka ariko dira. Ondotik, Joxe Bikondoak erakustaldia eginen du 1,10 metroko zanko batzuen gainean egur bat zutik moztuz. Igandean ere su artifizialak izan dira eta arratsalde eta gauez dantzaldia Jalisko Band eta Txutxin Ibañezekin.
Astelehena izanen da besten azken eguna. Plater tiroketa izanen da goizean eta eguerdian herri bazkaria. Trikidantz taldearekin izanen den dantzaldiarekin besten amaiera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun