Zenbait helduk oporrak hartzen dituzte udan euskara ikasi edo praktikatzeko, eta horretarako aukeratutako lekuetako bat gure ingurua izaten da: Zubieta, Arantza eta Lesaka, hain zuzen. Urtero antolatzen diren udako barnetegien helburua klaseak emateaz gain, aisialdia uztartzea izaten da. Egonaldiak 15 egunekoak izaten dira.
8:30etik 14:00etara klaseak eman eta arratsaldez tailerrak egiten dira. Iaz, erraterako, ikasleek saskigintza tradizionalaren prozesua ezagutu zuten, saskigile baten eskutik.
IKAren eskutik
IKAk Zubieta eta Lesakan antolatu ditu eskolak. 14 eguneko iraupena izanen dute eta denetara 100 ordu emanen dira. Ikasleek 450 euro ordaindu beharko dituzte, baina 2 ikastaro jarraian egitekotan, 690. Dena den, aurtengo ikasturtean IKAko zentroren batean ikasle izan direnek 50 euroko beherapena izanen dute.
AEKren eskutik
AEKk Arantzan izanen du lekua. Bi asteko iraupena izanen dute eta denetara 90 ordu emanen dira. Ikasleek 442 euro ordaindu beharko dituzte.
Bertzalde, ikastarorik egin nahi ez dutenentzat, AEKk barnetegi ibiltaria antolatu du. Joseba Irazabal da aurten arduraduna eta Hego Euskal Herriko hainbat leku eder ezagutzeko gonbidapena luzatu du. Egun bakoitzean 65 kilometro inguru eginen dira eta ibilbideak 16 eguneko iraupena izanen du. Bi egunez atsedena hartuko dute Garralda eta Lekunberrin. Nahi izanez gero, Irati edo Aralarren zehar ibiltzeko aukera eskainiko da.
Beraz, haurrek ez ezik, helduek ere, nolabaiteko udalekuak ere egiten dituztela uda partean.