Final laurdenetan sartua da dagoeneko Baztan-Errekako 28. laxoa txapelketa. Asteburu honetan lehen bi saioak jokatu ziren. Alde batetik, Doneztebe D eta Doneztebe A elkarren aurka aritu ziren, eta bertzetik, Oitz A eta Doneztebe B. Lehenbizkoen kasuan, Doneztebe A taldeak 9 eta 3 irabazi zuen. Bigarrena, berriz, 9 eta 4 Oitzko taldeak irabazi zuen. Hasierako ligaxkan, multzo bakoitzeko lau lehendabizikoen artean jokatuko dira final laurdenak.
Bertzalde, errekuperazioko jardunaldiak ere asteburu honetan jokatu ziren: A multzoan Irurita Ak eta Irurita C aritu ziren, eta 7 eta 9ko emaitzarekin A taldearentzat izan zen garaipena. B multzoan Arraiotz B eta Doneztebe B lehiatu ziren, eta Baztan atera zen garaile. Gauzak horrela, oraingoz honela dago sailkapena.
A MULTZOA-
1. Doneztebe A- 26 puntu
2. Oitz A- 21 puntu
3.Irurita A- 13 puntu
4. Doneztebe C- 13 puntu
5. Oitz B- 11 puntu
6. Irurita C- 3 puntu
B MULTZOA
1. Irurita B- 24 puntu
2. Arraioz A- 20 puntu
3. Doneztebe B- 15 puntu
4. Doneztebe D- 14 puntu
5. Arraioz B- 13 puntu
6. Hondarribi- puntu 1
Larretxea hasi da Aizkolari Txapeldunen Ligan
Igandean Ondategin (Araba) jokatu zen Aizkolari Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia, eta han izan zen Donato Larretxea ere. Nazabal eta Arria V.aren aurka lehiatu behar izan zuen aranztarrak, eta lan guztiak akitzeko 16 minutu eta 5 segundu behar izan zituen. Lau puntu eskuratu zituen guztira. Nazabal gelditu zen lehen postuan, 15 minutu eta 54 segundoko denbora eginez, guztira zazpi punturekin. Arria V.ak 4 puntu eskuratu zituen, eta 19:16ko denbora egin zuen. Hirugarren jardunaldia, berriz, bihar jokatuko da Hernanin (Gipuzkoa), eta Larretxeak Arria V.a eta Arrospide izanen ditu aurkari.
Kirolariek bortz proba egin behar izan zituzten: ahalik eta kolpe guttienetan ebaki, erlojuaren kontra, zutik eta etzanda enbor bana, arinka eta erdi luzetara lau enbor. Froga bakoitzean garailearentzat bi puntu ziren, eta bigarrenarentzat bakarra.
Lehendabiziko saioan, Arria V.a atera zen garaile. 33 kolpe eman behar izan zituen, Nazabalek 34 eta Larretxeak 38. Erlojuaren kontrako saioa ere Arria V.ak irabazi zuen, 40 segundutan akitu zituen lanak. Nazabalek 48tan eta Larretxeak 51 segundutan. Zutik eta etzanda, 45 ontzako bi enbor mozteko, Larretxeak 2:23 behar izan zituen; Nazabalek 2:40, eta Arria V.ak 3:15.
60 ontzakoa ebakitzea zen laugarren froga eta Nazabalek 2:10 behar izan zituen, Larretxeak 2:21, eta Arria V.ak 2:24. Azken froga luzeena zen eta 54 ontzako bi eta 50ko bertze bi ebaki behar izan zituzten. Nazabalek 10.42 behar izan zituen bukatzeko, Larretxeak 11:32 eta Arria V.ak 12:24. Horrela, Nazabalek zazpi puntu eskuratu zituen, eta Larretxeak eta Arria V.ak lau.
El Pais del Bidasoa zesta punta txapelketako bigarren finalista Erkiaga
Asteburu honetan erabaki da El Pais del Bidasoa zesta punta txapelketako bigarren finalista nor izanen den. Erkiaga eta Konparen arteko kanporaketa 30-29 amaitu zen. Hasiera batean Erkiaga galtzen hasi zen, baina lehia polit eta ikusgarri baten ondotik, Erkiaga 24-20 jarri zen aurretik markagailuan. Azkenean Konpak ederki jokatuta, tanto soil batez, finalerako sailkatzea lortu zuen. Final handia Donezteben jokatuko da ekainaren 30ean, larunbatean, 18:00etan eta banaka nahiz binakako finalak jokatuko dira. Ekitaldian Sarrateari omenaldia eginen zaio.