2 urte beranduago Aspe enpresaren elastikoa jantzi zuen Oronozko pilotariak.

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ekainaren 25a

Eibarko Astelena pilotalekua jendez bete zen, ikusmin handia piztu bai zuen norgehiagokak

Mikel Goñi pilotariak 2009 urte arte sinatu du Aspe enpresarekin eta bere berragerpena Eibarko Astelena pilotalekuan izan zen. Mikel Goñik Oscar Lasa izan zuen lagun gibeleko kuadroetan eta Eugi eta Laskurain izan ziren arerioak.

Oronozkoak 12 tantotan huts egin zuen eta hau nahiko zifra altua da pilotari profesionalen artean, baina kontutan hartuz elite mailako lehiatik hainbertze denbora egon dela, ulergarria ere izan daiteke.

Bere forma momentu hoberenean ez dagoela erakutsi zuen, baina sentsazio ona utzi zuen ikusleen artean

Bere forma momentu hoberenean ez dagoela erakutsi zuen, baina sentsazio ona utzi zuen ikusleen artean

Partidan sartzea kosta egin zitzaion eta urduritasuna larrutik ordaindu zuen. Jende guztia berari begira zegoen eta hori antzeman zuen Mikelek. Borondatea ez zitzaion falta izan eta igandekoa ez zen lehen pausua baino bertzerik izan.

Fisikoki orain 2 urte baino hobeki dagoela aipatu zuen pilotariak, baina oraindik erritmoa hartu beharra du.

Mikelek atzoko partida ospitalean dagoen bere lagun bati eskaini zion, eta aldi berean babesa eman dioten guztiei eskerrik beroenak eman nahi izan zizkien.

Fernando Vidarte Aspeko administraria eta Patxi Mutiloa gerentea partidan izan ziren, eta konfidantza eskertu zuen Goñik, nahiz eta hori markagailuan ez islatu. Orain 22 tantutara iritsi beharko da, azken finean, pilotan ere emaitzek balio bai dute.
Azken finean, badirudi, partidak baino ikusmin handiagoa piztu zuela Mikel Goñiren egoera fisikoak eta gutxi batzuk badakite zein izan zen azken emaitza. Baina datua eman dezagun, Eugi eta Laskurainek 22, eta GoñiII eta LasaIII 17.
Mikel Goñik hurrengo partida Mungian jokatuko du ekainaren 29an, hau da, San Pedro egunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun