Solstizio hitzak astronomiarekin lotura du eta eguzkiaren posizioarekin erlazioa du. Zehazki, udakoan, eguneko longitudea eta eguzkiaren garaiera eguerdian, urteko gehienekoak dira.
Udako solstizioaren inguruan badira siniskeri ugari eta aunitz sinesgaitzak ere gerta daitezke. Beti ere, ez dute inondik ere erlijioarekin loturarik.
Fede kristauan San Juan bestak udako solstizioaren ospakizunak ordezkatu zituen. Ezaguna da suak egiteko ohitura eta jauzi egitekoa zornea izpiritu txarrak aldentzeko. Adineko jendeak dio etxeko animaliak ere jauzi egitera behartzen zituztela, eritasunetatik babesteko, baina denborarekin utzi egin omen zuten.
San Juan suak gure eskualdeko herri guztietan ospatzen dira. Su gainean jauzi egiten denean jendeak era desberdinetako esaldiak erraten ditu, hala nola, “ San Juan Bautista, gaixtoa kanpora, ona barnera…sarna fuera! Normalki su txikiak egiten dira eta adin guztietako jendeak parte hartzen du.
Eta behin suetan gaixto guztiak utzi ondoren, San Juan egunean, San Juan Xarren, besta berezia ospatzen da.
Eguraldia lagun, jende dexente hurbildu da. Garai batean Sunbilla eta bertze zenbait herrietatik oinez joaten omen ziren, baina gaur egun, jendeak erosotasuna bilatzen du eta autoa izaten da garraio bide nagusiena. Dena de, igandean ere autobusen bat ikusteko aukera izan genuen. Eguerdiko 12etan meza izaten da eta gero jendeak eskailerak jautsi eta 3 xurruten iturrira joaten da. Eskuinetik ezkerrera hartzen dute ura. Batzuk tragoxka soil bat egiten dute, bertzeek etxetik botil eta bidoiak eramaten dituzte, eta bertzeek ohiturazko erritoa egiten dute. Oinutsik paratu eta errekatxoan ibiltzen dira. Oihal batekin idortu eta gero hau berdegunean jartzen. Hala, larruazaleko arazoak moldatzen omen dira eta oihala han utzita, gaitza ere han uzten omen da.
Gure eskualdeko jendeaz gain, Gipuzkoatik etorritakoak ere ikusi ditugu. Gehienak adinekoak dira, baina gazteek ere halako siniskerak badituzte edo ohiturari eusten diote, eta ez dute hutsik egin
13:00etan Igantziko dantzariek dantza saioa egin dute.8-10 neska-mutiko inguruk bizpahiru dantza eskaini dituzte jendeak oinak bustitzen zituen bitartean.
Biltoki ttiki elkarteko gaztetxoek ostatua jarri dute. Jendeak lehenik uda edaten du, baina gero ederki sartzen da ardo trago bat eta baita tortila pintxoa ere. Egunean lana egiten dute, baina primeran heldu zaie ateratzen dute egiten dituzten ekintzen finantzaziorako. Beraz, ez bada dantzan, ostatuan ari dira. Eta bertze batzuk erroskila postuan ederki ari dira saltzen.