14 urte arteko kategorian Gipuzkoako Amai Iturriotz suertatu zen garaile

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ekainaren 25a

Epai mahaiak final honetako 26 parte hartzaileen maila goraipatu z

Larunbatean Altsasuko Burunda frontoian 19. eskolarteko bertsolari txapelketako finala jokatu zen eta 15 eta 18 urte arteko mailan, 16 urteko Maddalen Arzallus suertatu zen garaile. Bigarren 17 urteko hendaiar bat geratu zen, Kristine Txoperena. 14 urte arteko mailan Gipuzkoako ordezkariak gailendu ziren. Urretxuko 14 urteko Amai Iturrioz izan zen txapelduna eta bigarrena, Alegiko 13 urteko Imanol Irazustabarrena.

Guztira bertsolaritza munduko 26 gazte aritu ziren eta finalean parte hartu baino lehen Eusko Autonomi Erkidegoa, Iparralde eta Nafarroako txapelketetan aritu behar izan dira. Infantil mailan 14 aritu ziren, hau da, probintzi bakoitzetik bi, eta handietan 12, izan ere Zuberoako ordezkaritzak huts egin bai zuen.

Epai mahaia honako hauek osatu zuten: Arabako Ekaitz Elorriaga, Bizkaiko Mirari Azula, Gipuzkoako Nahikari Gabilondo, Lapurdiko Eneko Bidegain, Behe Nafarroako Erik Etxart eta Nafarroakoa Jon Abril beratarra izan zen. Parte hartzaileen maila goraipatzeaz gain, nesken maila hagitz ona izan zela ere erran zuten. Izan ere, handien kategorian finalerdietara neska guztiak pasa bai ziren

Ikastolen konfederazioa da antolatzailea eta bere izenean Xabi Paiak aipatu zuen Burundan kantatutako bertsoek izugarrizko kalitatea izan zutela. Gaur egun plaza eta frontoiak betetzen dituzten bertsolariek, garai batean, mikrofono aitzinean jartzen ziren txapelketa honetan. Bertsolaritza osasuntsu dago une honetan eta hori eskoletan egiten den lan bikainari esker da.

Hirugarren urtea da Altsasuan bertsolaritzaren final handia jokatzen dela, eta hortaz, gazteen erreferente bilakatu da. Garai baten finala txandakatuz antolatzen zen, baina zikloka egitea pentsatu zen, eta emaitza guztiz arrakastatsua izan da.
Handienak agurra egin eta bikoteka jarraitu zuten, zortziko handian bi bertso eskainiz. Segidan hiru bertso zortziko ttikian, eta ariketa honetatik erdiak sailkatu ziren. Hauek kartzelan neurtu ziren bi gaien artean bat hautatuz. Batean sortetxea utzi behar eta maletak egiten ari dira, eta bertzean, herriarekin zorraren bat ote zuten galdegiten zen. Bukaeran bertze bertso bat kantatu zuten agurtzeko
Infantil mailan bertsolariek gai bat hartuta bertso bat egin zuten. Segidan, 4 oinak emanda bertze bat eta azkenean bertze bi. Bigarren fasera 6 gazte pasa ziren eta hauek 3 bertso eskaini zituzten.
15 eta 18 urte arteko mailan Iturengo Alazne Untxalo eta Iker Gorosterrazu aritu ziren eta 14 urte artekoan Lesakako Josu Sanjurjo

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun