Bere boto-emailei eskerrak ematearekin batera, hausnarketa «kuriosoak» egiten ditu Elkartasunak Ttipi-Ttapan argitaratutako gutunean. Hauteskundeak bukatuta, oso egun gutxitara idatzi baldin bada ere, emaitzei eta herritarrei buruzko azterketa soziologiko sakona egiteko denbora izan dutela dirudi Elkartasunakoek. Zertan oinarritu dira, bestela, «herri an bizi diren gehiengo baten babesa dugulakoan gaude» idazteko? Hor diozuen bezala, kanpoan bizi direnen botoa EAE- ANVk jaso badu, Elkartasunako zerrendaburuak ere guri botatu izanen digu, Iruñean bizi baita aspaldiko urtetan.
Azterketen emaitzekin jarraituz, zuen boto-emaileek gureei «mezu garbi bat» bidaltzen dietela diozue: «lan egiteko forma ezberdinak badaudela, ingurukoa errespetatuz, ezin ikusia baztertuz, ezberdin pentsatzen duena ere goizuetarra dela onartuz». Honekin zer esan nahi ote dute ba zuen boto-emaileek, HBk eta EHk udaletxean lan egin duten 24 urteetan ezker abertzalekoentzat bakarrik gobernatu dutela? Ezker abertzalekoentzat egin al dira babes ofizialeko etxebizitzak, zeharbidea, gasa, kontsulta, baserrietako pistak, ehunka hektarea birmoldatu, udaletxe berria…? Barkatu ausardia, baina ez gatoz bat, egin duzuen analisiarekin. Gure ustez zuei iruditzen zaizuena baino askoz gehiago dakite maiatzaren 27an boto eman zizutenek. Zuek ikusi nahi zaituztete udaletxean, baina badakite ederki ezker abertzalekoak egon direnean, herri guztiarentzat egin dutela lana, eta ondorengo lau urteetan ere horrelaxe eginen dugula.
«Akuiluarena» ere esamolde hau nondik heldu den jakinda, erantzun erraza duenez ez gara horretan gehiago luzatuko. Bukatzeko bi gauza. Bat, gu lanerako, elkarlanerako gaudela, Herri Etxean dagoeneko alkate den MielJoxe Lekuonaren eta bere taldekoen ibilbide luzeak beti erakutsi duen bezala. Eta bestea, zuen gutunari erantzun baldin badiogu, boto-emaileei zor diogun errespetuagatik izan dela. Orain dauzkagun edo lau urteetan izan ditzazkegun desadostasunak mahai baten bueltan konpontzearen aldekoak gara gu, eta ez komunikabideetan.
Goizuetako EAE-ANV