Guardia Zibilak jipoitua

Utzitako argazkiak 2007ko eka. 25a, 09:47

Duela egun batzuk, ekainak 5, arratsaldeko hirurak aldera, Baztan bailarara nindoan nire autoan, eta Etxalarrera ailegatzen ari nitzela, Guardia Zibilak kontrol batean geldiarazi ninduen. Agente bat hurbildu zitzaidan leihatilatik, eta gidatzeko karneta eta ibilgailuaren dokumentazioa eskatu zidan. Jarraian, autotik jaisteko eta maleteroa irekitzeko agindu zidan. Autoaren aitzineko aldera abiatzeko esan zidaten, eta sakelak husteko eskatu zidaten. Gero, katxeatu ninduten. Autoa mihatu zuten, zentímetro bat ere begiratu gabe ez zuten utzi. Bizkarzorroa hustu zuten, agenda eta kartera atera zituzten. Agenda irakurri zuten, orriz-orri, baimena eskatu gabe, noski; nire bankuaren kartillaren laburpenak ere bai. Kartera hustu zuten; eta nire EHNA, hala nola ARALAR alderdiaren hauteskunde propaganda-orri bat. Alderdi abertzale honen zerrendetan hauteskundeetara joan naiz Getarian, eta propaganda-orrian nire argazkia agertzen zen. Delitu larriak biak. Abertzalea izatea. Euskalduna baino ez sentitzea. Eta alderdi abertzale batekin hauteskundeetan aurkeztea. Hain agente jator hau, Euskal Nortasun Agiria hartuz, niri zuzendu zitzaidan, iseka eta mespretxu arteko keinuarekin, eta ea bideo-klubeko karneta zen galdetu zidan. Kasurik ez nion egin, merezi ez zuelako. Jarraian ea ni espainola ez nintzen galdetu zidan. Nire erantzuna ezetz izan zen; Euskalduna naizela. Eta gero ea nik ez ditudan nire zergak Espainian ordaintzen. Eta berriro ezetz. Gipuzkoan ordaintzen ditudala. Hau agentearentzat gehiegi izan bide zen, eta bere erantzuna honako hau izan zen: «Le voy a sancionar». Bertzerik gabe. Argi zeukan isuna paratu behar zidala. Inposatzen diguten pentsamendu espainolistarekin bat ez etortzeagatik nire peajea ordaindu behar nuela. Larrialdiko triangeluak, txaleko islatzaileak eta ordezko bonbillak ateratzeko erran zidan. Suposatzen dut norbait arrazoirik gabe isundu nahi denean, hiru gauza hauekin erraza dela. Kontua da hirurak ondo zeudela. Baina agenteak isundu behar ninduen,eta erabaki zuen nire bonbillek ez zutela balio. Ez zirela bere gustukoak. Ez zekiela nire autoarenak ziren ala ez. Eta isuna paratzera zihoala. Ni zur eta lur geratu nintzen. Zin egin nion zuzenak zirela. Nahi izanez gero banan-banan probatuko genituela. Ez egiteko arrenka eskatu nion. Esan nion ea nola eginen zuen ilegaltasun hura. Dena ongi zegoela. Bere erantzuna: «¿Algún problema? Pues que sepa que le voy a sancionar también por estar en la calzada y no llevar el chaleco reflectante puesto». Nola izan daiteke hain zitala? Momentu horretan, eskuetan neuzkan triangelu, bonbillak eta txalekoak botan nituen, eta bidegabekeriaren amorruagatik, bere ama aipatu nion... Supituki, agente hau eta bertze bi korrika abiatu ziren niregana, eta bik autoaren kontra eusten zidaten eta pistolekin apuntatzen zidaten bitartean, hirugarrenak buruan jo ninduen nahi izan zuen guztia. Gero bultzakadaz autoan sartu ninduten, eta ez mugitzeko, ezta hitz bat esan ere. Eta eskerrak emateko. Kuartelillora eraman beharko nindutela, eta horrela izan balitz, prestatzeko... Eraso fisikoa, mehatxuak, gezurrezko salaketa... Gizon hauek al dira DENOK defenditu behar gaituztenak, gure ideia politikoei begiratu gabe? Edo Estatuaren dobermanak dira, sua piztera datozenak?

Ordu erdi baino gehiago autotik mugitu gabe pasa ondoren gauza horrela bukatu zen: bi isun horiekin, eta bertze batekin, argi keinukari bat hautsia eramateagatik. Gero, Foruzainei galdetuta, isuntzeko arrazoia ez dela erran zidaten. Oro har, 450 euro eta karnetaren hiru puntu, deus ez egiteagatik. Soilki espainola ez sentitzeagatik. Hori bai, gero, edukazio handiarekin, eta, nire ustez, sinpleki gehiago izorratzeko, erran zidaten isunekin ados ez banengoen, helegitea paratzea nuela, Legeak babesten nauela, bertze espainiar guztiak bezala. Eta isilik egon behar izatea...

Eta kolpeak, noski. Baina gehien mintzen duten kolpeak barnean ditudanak dira. Inpotentziaren sentsazioa. Amorrua.

Jarraian anbulatoriora abiatu nintzen, eta han lesioen partea egin zidaten, eta Foruzaingoaren egoitzara, salaketa paratzera. Orain bajan nago, ia lepoa mugitu ezinik, eta buruko mina jasanezinarekin. Badakit alferrik dela salatzea. Gerta daitekeena hurrengoan bi kolpe jaso ordez lau jasotzea da. Baina uste dut nire beharra dela. Eta kontatzea, jendeak zer gertatzen den jakin dezan. Ni guardia zibilak erasotua PSOE edo PPko zinegotzi bat iraindua izan balitz, gaur egunkari guztietan egongo litzateke, eta baita Parlamentuan gaitzetsia. Baina hau, nori inporta zaio? Zoritxarrez, biktimarena egiten dutenak askotan borreroak dira, eta portaera honekin lortzen duten gauza bakarra, biolentoei arrazoia ematea da.

Guzman Paskual Belasko

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun