Iparraldeko Joku Torneoaren azken saioa igande honetan

Gurutze PIKABEA 2007ko ekainaren 25a

Koxkor biltzeko proban, 50 koxkor jaso behar dituzte parte-hartzaileek. TTIPI TTAPA

Eskualdeko 11 ordezkari ari dira parte hartzen

Ekainaren 16an abiatu zen VII. Iparraldeko Jokoen Torneoa, Errotxapean. Bigarren jardunaldia Igantzin egitekoa zen aitzineko asteburuan, eta hirugarrena eta azkena, igandean, uztailaren 1ean, jokatuko da Orbaitzetan. Iparraldeko jokoetan zazpi modalitate izaten badira ere, aurtengoan seitan ari dira parte-hartzaileak: koxkor biltzen, ingude altxatzen, harria altxatzen, lasto altxatzen, taldeka zaku lasterketan eta txingekin. Horien artean, eskualdeko 11 ordezkari ari dira.

Koxkor biltzen sei lagunetatik hiru ingurukoak dira: Fernando Etxegarai beratarra, Patxi Iratzoki igantziarra eta Iñigo Lasaga etxalartarra. 50 koxkor bildu behar izaten dituzte.

Ingude altxatzeko proban, berriz, inguruko hiru ari dira: Igor Lasaga beratarra, eta Karlos eta Xabi Sein igantziarrak. 18 kiloko ingudea ahalik eta gehien altxatu behar izaten dute minutu batez.

Harri altxatzen eskualdeko ordezkari bakarra dugu. Sunbillako Unai Bertiz, hain zuzen. Hiru eratako harriak jaso behar ditu: 125 kiloko zilindroa, 112,5eko kubikoa eta 100 kiloko bola. Sunbildarra txingekin ere ari da, Beintza Labaiengo Josetxo Urrutia eta Berako Joseba Petrirenarekin batera. 40 kiloko txingekin ahalik eta plazak gehien egin behar dituzte.

Lasto altxatzeko probako txapela berriz igantziarrentzat izanen da. Hiru lagun ari dira, eta hirurak igantziarrak dira: Karlos eta Xabi Sein, Oskar Telletxea eta Iñaki Bereau. Taldekako zaku lasterketan, berriz, Berriozar eta Igantzi ari dira parte hartzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun