Ibarrungo eta La Nivelle akanpalekuen behin behineko hestea agindu du Paueko prefetak

Franck DOLOSOR 2007ko ekainaren 22a

Kirola eta musika nagusituko dira asteburuan herriko besten karietarat

Urdazuri ibaiaren ondoan diren bi akanpaleku hestea agindu du prefetak erearoaren 16tik uztailaren lehenerat. Egun horietan, ikerketa hidraulikoak egiten ari dira, eta ondotik, erabaki bat hartu behar luke gobernuko ordezkariak. Helbarrun eta Ibarrungo eremuak segurrak direla segurtatu nahi dute.

Ibarrungo kanpineko jabeak espero du berriak laster izanen dituztela, bertzenaz zaila izanen baitute udatiarrei etor ez daitezen abisatzeko deitzea. Gehienak urtero etortzen dira eta familiakoak bezala dira. Halere, 800 lagun aterpetzen dituen akanpalekuko jabeak ez du uste ateak berriz irekiko dituztenik lehen bezala. Txarrena betiko hestea litzateke eta parte bat hetsi behar bada, espropiazio prozesua luzea izanen da. Kanpinak betiko hetsita, herriko saltegi guztiek jasanen dituzte kalteak, udatiar ainitz guttiago ibiliko baita uztailan eta agorrilean.

Ibarrungo eremuko jabeek gogoan dute 45 urtez ez dutela sekulan suhiltzaileen beharrik izan. Gainerat, maiatzaren 4ko uholdeetan ez zuten neholako problemarik izan. Gobernuak Cherchebruiten duen alerta sistema ez zen behar bezala ibili, baina Ibarrunen bazekiten urak ateratzen ari zirela, gauero untsa zaintzen baitituzte bazterrak. Uholdeen ondotik, eremu osoa berriz antolatu dute eta mobil-home berriak erosi dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun