Bidasoaldeko gasbidearen proiektua bere gain hartu du Nafarroako Gobernuak

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 22a

Azpiegitura berriak 35 kilometro izanen ditu eta obrak 10 hilabetez egitea aurreikusi da

Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko proiektu sektorial izendatu du Lesaka eta Elizondo bitarteko gasbidearen proiektua. Horrenbertzez, Gobernua arduratuko da Sunbilla, Doneztebe, Bertizarana eta Baztanen Gas Navarrarena den proiektua bultzatzeaz. Helburua presio handiko gas banaketa garatzea da, eta guztira 35 kilometroko luzera izanen du azpiegitura berriak. Aurreikusitakoaren arabera, lanek 10 hilabete iraunen dute, eta aurrekontua 4.204.770 eurokoa izanen da. 6.200 herritarrentzako hornidura izanen da, baita Legasako Aceralia enpresararentzat ere. Hornituko dituen herrietan barna pasatzeaz gain, zati batean Igantziko lurretan ere pasatuko dela, eta ahalik eta etxe gehienetara ailegatzeko asmoz, hasierako proiektuan aurreikusi gabeko loturak ere eginen dira. Abiapuntuan, Bera eta Lesaka arteko gasbidearen zatian, neurketa estazioa eraikiko da, eta gainerako ibilbidean lau erregulazio estazio. Orain arteko sareko gasa Irundik Lesakaraino ailegatzen da, eta eraikiko den gasbide berri honekin Elizondoraino ailegatuko da. Egitasmo hau Nafarroako Gobernuak eta Gas Navarrak 2010era begira onartutako Nafarroako Plan Energetikoaren baitan dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun