Haurren Eguna

Joseba eta Nerea 2007ko ekainaren 22a

Landagai eskolako ikasleak ederki aski pasatu zuten Haurren Eguna. TTIPI TTAPA

Landagain Eskolako haurrek egun handia izan zuten joan den ekainaren 17an. Urtero bezala, Haurren Eguna egin zuten hainbat ekitaldi eta emankizunekin.

Eskulan erakusketa eta ipuin topaketa

Goizean goizetik eskulan erakusketa paratu zuten frontoian. Hainbat herritar harat-honatean ibili ziren haurrek egindako marrazki, panpin, koadro edota eskaiolazko irudiak ikusten. Haurrek eskolan idatzitako ipuinak paneletan paratu zituzten jendeak irakurtzeko eta 12:00etan haur batzuk jendaurrean irakurri zituzten euren kontakizunak. Aspaldiko ohitura da Ipuin Topaketa hau eta Joxe Mari Remiro zuzendariaren erranetan «ikasleak literaturara hurbiltzeko egitasmoa da, ongi pasatzen dute istorioak asmatzen eta herritarren aitzinean irakurtzen». Lehen ipuin lehiaketa egiten zen, baina azken urteetan ez dituzte haurren ipuinak saritzen, «konpetibitatea hausteko eta guztiek merezimendu bera dutela ikusteko» adierazi digu Remirok. Ikasle guztiek ipuin bat jaso zuten oroigarri moduan irakasleen eskutik.

Herri bazkaria eta Euskaraokea

Frontoian bazkaldu zuten Landagaineko ikasleek hainbat lagun eta familiakoekin batera, eta arratsaldean kantari aritu ziren Euskaraokea ikuskizunarekin. Giro eta umore ederrean pasatu zuten herriko ttikienek arratsaldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun