«Euskal Herriari, herritarrei eta hitzari errespetua» eskatuz hainbat lagun bildu ziren Beran egindako Milakabilaka ekimenaren aurkezpenean. Alderdien interpretazioez haratago, ekimena konponbidea bulkatzeko sortu zen, eta herriz herri dabil defendatzen dituen oinarriak zabaltzen, horien artean, «bakea lortzeko elkarrizketa eskaera» eginez. Ekainaren 9an Baztan-Bidasoaren txanda izan zen, eta inguruko jende andana hurbildu zen Berara.
Ekitaldian aurpegi ezagunek hartu zuten hitza. Aurkezpena Fermin Gartxitorena Xorroxingo kazetariak egin zuen, eta manifestuaren irakurketa Jon Elizetxe Gartzaingo bertsolariak. Gisa berean, dantzariak, bertsolariak, Jo ala Jo kultur taldearen kirikoketa saioa, Donato Larretxearen aizkora erakustaldia... Eskualdeko hainbat erreferente han izan ziren. Akaberan, bildutakoek argazkia atera zuten.
Bertzalde, egun berean, Milakabilakaren kamioia ere Beran izan zen. Kamioia Euskal Herri osoa zeharkatzen ari da, «errespetua» lemarekin eta ekimenari atxikimendua erakutsi nahi dioten herritarrei argazkiak eginez. Inguruko jendeak ere horrekin bat egin nahi izan zuen eta argazkiak atera zituen.