Batek «ametsa betea» eta bertzeak «zapore mingotsa». Horixe buruz buruko finaleko protagonisten hitzak. Goizuetar eta leitzar andanaren aitzinean jokatu zuten partida Aimar Olaizola eta Abel Barriolak Atano III.ean. Biek zuten esku pilotako bigarren txapel preziatua jokoan, baina ordu bat eta gehiagoko partidaren ondotik —jokoaren iraupena 14:51ekoa izan zen— goizuetarren alde joan zen.
Abelek ez zuen txapelketan aitzineko partidetan emandako mailarik erakutsi, eta hasieratik nagusitasunez agertu zen Olaizola II.a. Behin baino gehiagotan irristatu zen Abel eta oinetakoak aldatu behar izan zituen. 0-7ko partzialaren ondotik, 8-10ekoa jarri zen markagailuan. Momentu horiek izan ziren Barriolaren onenak, Olaizolarentzat, berriz, txarrenak. Baina orduan etorri zen, jokoaren norabidea markatu zuen tantoa. Barriolaren pilotakadak Aimarren ukolondoa jo zuen. Olaizolaren aldeko bertze tantoa izan zen, baita ondotik etorri zirenak ere. Barriola hobekien ari zen momentuan Aimarrek sakea kendu zion, eta hortik aitzinera, ez zuen Aimar mendean hartzerik lortu. Aukera aunitzik utzi gabe 22ra joan zen Olaizola II.a. Azkenean 22 eta 10, Goizuetara txapela.
Buruz buruko laugarren finala zuen Olaizola II.ak, eta azken honekin dagoeneko bi baditu etxean. Duela bi urte jantzi zuen esku pilotako txapel haundia lehen aldiz, Martinez de Irujori 22 eta 18 irabazi ostean. Joan den urtean ere finalera ailegatu zen, baina, ezin izan zuen Irujo garaitu, eta 22 eta 17 galdu zuen. Finalaren atarian, eskuineko besoaren inguruko zurrumurruak egon arren, sasoiko dagoela berretsi du goizuetarrak.
Egun txarra Barriolak
Buruz buruko bigarren finala zuen Abel Barriola leitzarrak ere, baina ez zuen txapelketan ordura bitarteko mailarik eman. Koadroaren azpi-azpiko mailatik ekin zion leitzarrak txapelketari, eta bortz partida gogor jokatu zituen finalera ailegatu aitzinetik. Galartza V.a, Xala, Peñagarikano, Martinez de Irujo eta Eugi garaitu zituen finalera ailegatzeko, baina ekainaren 17an ezin izan zuen 2002an lortutako buruz buruko txapela berriz Leitzara eraman.
Aimar OLAIZOLA
«Txapel hau pilotari guztien ametsa izaten da, eta irabaztean zaila da sentitzen dena adieraztea. Oso zentratua atera naiz kantxara, indartsu eta txisparekin eta horixe izan da gakoa. Markagailuan aldea atera dut eta jokatzea errazagoa izan da horrela. Nik uste dut partida ona egin dudala, baina baliteke oraindik batenbat ez konbentzitu izana. Gonzalezen aurkako partidarekin ere gustora gelditu nintzen, baina badirudi ez dela nahikoa.
Eskuinarekin gozatu egin dut, eta Abeli min egin. Lau urte daramatzat kontu berak aditzen, nire eskuina ez dagoela ongi, baina eskuineko besoa gaizki edukita, ezin da txapelik irabazi».
«Zentratua, indartsu eta txisparekin atera naiz eta hori izan da gakoa»
Abel BARRIOLA
«Txapelduna edo azpitxapelduna izatea diferentea da. Txapelketan egindakoarekin gustora nago, baina finalak sentsazio mingotsa utzi dit. Baliteke txapelketako nire partidurik txarrena izatea. 9-13ko markaigailuan hor eduki dut, ni baino nekatuagoa zegoen eta argi nuen nire arma behin eta berriz pilotari ematea zela. Baina tantoa bukatzeko aukera edukita, opari batzuk egin dizkiot eta Aimarrek ihes egin du markagailuan. Ez dut ongi sakatu, abiadura eman diot pilotari, baina gurutzatu gabe. Hortik aurrera berak hobeki jokatu du. Merezitakoa du txapela. Txapelketa oso luze joan zait eta oso nekatua bukatu dut».
«Txapelketa ona egin ondotik, sentsazio mingotsa utzi dit finalak»