• Bidelagun Boluntariotza Elkarteak sentsibilizazio kanpaina berri bat paratu du abian Baztanen, Urdazubin eta Zugarramurdin.
• Kanpainaren izena “Etorkizunik?... Zure esku” da, eta helburua jendeak adinekoen egoeraren inguruan gogoeta egitea da.
• Ekainaren 12an abiatu zen kanpaina, eta iraila bitarte, herriz herri karriketan kartelak paratu eta etxeetara txartelak bidaliko dituzte Mario Benedettiren poesia batekin.
Zein da gaur egun gure eskualdeko adinekoen egoera?
Xaharren kopurua hagitz altua da, Baztan, Urdazubi eta Zugarramudiko kopurua Nafarroan dagoena baino bortz puntu altuaga da. 8.409ko biztanleriaren ia %23k 65 urte baino gehiago ditu (1.885), eta horietatik %16k 85 urtetik goiti. Adinez nagusiak izan arren, batzuk ongi daude, baina egun batetik bertzera okerrera egin dezakete. Zer suposatzen du horrek familiarentzat? Ekonomikoki ez ezik, egunerokoan eragiten du, eta batez ere emakumeengan, hauek hartu baitute zaintzeko zama guztia. Etorkinen papera ere aipagarria da. Gero eta gehiago baitira xaharrak zaintzen.
Zer proposatzen du Bidelagunek?
Baliabide eta zerbitzu berriak. Eguneko zentro batez gain, etxez-etxeko zerbitzuak ere ugaritzea nahiko genuke. Eta zaharren egoitzen eredua egungo gizarterako egokia den ala ez ere planteatu beharko litzateke.
Zein behar edo gabezia azpimarratuko zenituzkete?
Hasteko eguneko zentro baten beharra. Adinekoek etxean egon nahi dute, familiekin, baina aunitzetan ezinezkoa da. Hala, guk eguneko zentro bat proposatzen dugu, adinekoek nahi duten denbora pasatzeko aukera izan dezaten, eta nahi dutenean etxera itzuli. Orain gutti, menpekotasun legeari buruz hitzaldi batzuk egin genituen Arizkunen, Elizondon eta Urdazubin, eta bildutako guztiei eguneko zentro bat zer iruditzen zaien galdetuta, denei hagitz ongi iruditu zitzaien. Nafarroako Gobernuan eskaerarik ez dagoela diote, baina ez dute planteatu ere egin. Eskatzea bada kontua, eskatuko dugu, bai horixe. Baina lehenbizikoz jendeak behar hori badagoela mentalizatu behar du. Guk ez badugu eskatzen, politikoek eta teknikoek ez dute deus eginen.
Zergatik aukeratu duzue kanpaina bide hori?
Gaia gizarteratu nahi dugulako. Normalean, politikoen propaganda edo bertzelako publizitatea egoten den faroletean zintzilikatu ditugu gure kartelak. Xaharren erronka gizarteratzea da helburua. Erronka, eta ez arazoa. Gure gizartea zahartzen ari da, eta horren aitzinean, gure hurbileko etorkizuna erronkaz beteta dago: Erronka egoitzen ereduan; erronka baliabide berriak lortzerako orduan; erronka gure gizartearen zahartzeari buruz eta honen bidetik, udalek zer egin dezaketen gizartea gaztetzeko planteatu. Eta azkenik, erronka gure baitan.Guk ere gure ekarpena egin baitiezaiokegu gure herriari.
Oraingo xaharren egoitzekin zer gertatzen da?
Nik uste dut horien eredua aldatu behar dela. Garai batean, bertzerik ez zutelako joaten ziren adinekoak egoitzetara, gizarteak horrela eskatzen zuelako. Gaur egun, ordea, egoitzak ospitale bihurtu dira. Azken unean, gaizki jartzean sartzen dira egoitzetan xaharrak, bertan, bertzeak bertze, etxean jaso ezin dituzten arreta jasoko dutelako. Planteamendu hori aldatu beharko litzateke.