Igandean jokatuko da Doneztebeko Herri Lasterketa

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 22a

Nagusien mailan, iazko irabazlea, Rafa Maritxalar, faborito nagusietariko bat izanen da

Erreka elkarteak antolatzen duen Doneztebeko XXIX. Herri Lasterketa igande goizean jokatuko da herriko karriketan barna. Iaz Rafa Maritxalar lesakarrak irabazi zuen, eta aurten ere faboritoen artean izanen da.

Beti bezala bi lasterketa izanen dira mailen arabera. Goizeko 10:30etan, aurrebenjaminak, benjaminak, kimuak eta haurrak abiatuko dira, eta adinen arabera lasterketak luzetasun ezberdinak izanen ditu. Aurrebenjaminek eta Benjaminek 200m bete beharko dituzte, kimuek 500m, eta infantilek kilometro bat. Gazte eta helduen herri-krosa ordu bat beranduago hasiko da, 11:30ean. Gazteen mailakoek eta senior mailako emakumezkoek 4km egin beharko dituzte, eta gizonezko seniorrek eta beteranoek 8. Sariei dagokionez, kategoria nagusian, lehen saria 120 eurokoa izanen da gizonezkoetan, eta 60 eurokoa emakumezkoetan.

Joan den urtean Rafa Maritxalarrek irabazi zuen, eta Fernando Etxegarai bigarren gelditu zen. Hirugarren postua Burlatako Patxi Orofinorentzat izan zen. Emakumezkoetan, Goierri Taldeko Rosa Talavera izan zen azkarrena, eta ondotik gure eskualdeko bi emakumek bukatu zuten, Ana Zelaieta doneztebearrak eta Maika Ariztegi iturendarrak.

Iazko edizioan, maila guziak kontuan hartuta 180 bat lagunek parte hartu zuten Doneztebeko herri-krosean, eta aurten ere denborak laguntzen badu bertze hainbeste espero dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun