Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalak larunbatean jokatuko dira Altsasuko Burunda pilotalekuan. Hamalau urte arteko finala goizean iraganen da, eta hamabost eta hemezortzi urte artekoak arratsaldean.
Azken hilabeteetan jokatu diren herrialdeko txapelketetan txapeldun edo txapeldun ordea sailkatu eta, oraingoan Euskal Herriko txapela janzteko asmotan lehiatuko dira. Iaz bezala, 14 urte artekoetan 7 herrialdeek bi ordezkari izan dituzte Nafarroaren kasuan Irati Majuelo iruñarra eta Josu Sanjurjo lesakarra. Maila horretan parte hartuko duten bertze bertsolariek hauexek izanen dira, Gillermo Vegas ea Elyem Chef arabarrak, Nerea Ibarzabal eta Elene Lejarzegi bizkaitarrak, Amaia Iturriotz eta Imanol Irazutabarrena gipuzkoarrak, Paxkal Iriart eta Ortzi Murua lapurtarrak, Eñaut Zaldunbide eta eta Mikel Cherbero behe-nafarrak eta Gillen Negelua eta Johaiñe Sarraillet xiberutarrak.
Hamabost eta 18 urte arteko txapelketan, Nafarroako bi ordezkariak gure eskualdekoak izanen dira, Alazne Untxalo eta Iker Goroterrazu. Maila huntan ez da Xiberoko ordezkaririk izanen, baina gainerako herrialde guziek bi ordezkari izanen dituzte, Ander Solozabal eta Ekaitz Samaniegi arabarrak, Jone Uria eta Miren Amuriza bizkaitarrak, Hodei Iruretagoiena eta Mikel Olaizola gipuzkoarrak, Kristine Txoperena eta Maddalen Arzallus lapurtarrak, eta Bixente eta Mattin Luku behe-nafarrak.
Gazteenen saioa goizeko 11:00tan hasiko da. Gai bati buruz bertso bat, lau oinak emanda zortziko txikian bertze bat, eta binaka ofizioka bertze bi zortziko txikian kantatu ondotik, lehen seiek aitzinera segituko dute, eta haien artean jokatuko dute txapela. Horretarako hitza emanda bertso bana kantatu beharko dute zortziko txikian zein handian, eta bukatzeko ofizioka bina bertso zortziko handian.
Hamabost eta hemezortzi urte arteko finala arratsaldean jokatuko da, 15:30etik aitzinera. Gaztetxoen mailan bezala, lehen lanak egin eta 6 bertsolari baizik ez dira lehiatuko Euskal Herriko Txapelerako. Hortaz, hasteko 12 bertsolariek, agurra, ofizioka bina bertso zortziko handian, eta ofizioka hiruna bertso zortziko txikian kantatuko dituzte. Bukatzeko 6 hoberenek, kartzelako lanari ekinen diote puntuari erantzunez eta gaia emanda bi bertso kantatuz.