Selektibitateko emaitza oso onak izan dira gure eskualdeko institutuetako ikasleen artean. Aurkeztu ziren 65en artean, bi izan ezik, denek gainditu dute.
Lekarozko Institutuak iaz izandako emaitzak ez ditu lortu aurtengoan. Joan den urtean 39 ikasle aurkeztu ziren unibertsitatera sartzeko azterketara, eta denek gainditu zuten. Aurten aldiz, saiatu diren 34 gazteen artean bik huts egin dute. D ereduan aurkeztu diren 27 ikasleek azterketa gainditu dute, baina A ereduan aurkeztu diren 7 lagunen artean 5 baizik ez dute lortu. Berako Toki Ona Institutuan alderantziz, iazko emaitzak hobetu dituzte. Bi mila eta seiko azterketan %78k baizik ez zuten selektibitatea gainditu, eta aurten aldiz %100ek. Hogeita lau ikasle aurkeztu ziren eta denek lortu dute unibertsitatera sartzeko baimena, denak D ereduan. Leitzan ere, emaitza ezin hobea izan dute aurkeztu ziren 7 ikasleetatik 7k gainditu baitute selektibitateko proba.
Nafarroa osoan batxilergoko 1.998 ikasle aurkeztu dira ekainaren 13tik 15era iragan den azterketara, eta ehunen batek izan ezik bertze guziek, %95ek, gainditu dute guttienez lauko nota eskuratuz. Ereduz eredu begiratuta, A ereduan 1464 aurkeztu dira eta 1391ek gainditu dute, %95ek, 2006an bezalatsu. Azterketa D ereduan pasatu dutenak 454 izan dira, eta 426k gainditu dute, %93k, joan den urtean baino %2 gehiagok. G ereduarekin bukatzeko, 80 bat gazte aurkeztu dira eta 76k eskuratu dute unibertsitatera sartzeko baimena.
Gainditu ez duten ehun bat lagunek ekainaren 28a arte izanen dute berraztertzea eskatzeko, edo bestenaz, berriz saiatu beharko dira heldu den iraileko deialdian.