Abian da suteen aurkako udako plana

ttipi-ttapa 2007ko eka. 20a, 16:33

Oronoz Mugairiko parkean auto-bonba bat gehiago izanen dute heldu diren 3 hilabeteetan

Asteartean Nafarroako Gobernuko Barne eta Ingumen kontseilariek joan den ekainaren 8az geroztik indarrean dagoen udako suteen aurkako plana aurkeztu zuten. Irailaren 30a arte iraunen duen programan, parkeen ohiko giza eta azpiegitura baliabideak emendatuko dira.

Nafarroako 11 parkeetan banatuak daude 430 su-hiltzaileei bertze 170 gehitu zaizkie. Horretaz gain, materialaren aldetik ere, errefortzuak izanen dituzte, Oronoz Mugairiko kasuan auto-bonba bat gehiago. Bestalde, ohi bezala, parke boluntarioen laguntza izanen dute tartean, Berakoa, Lesakakoa, Leitzakoa eta Goizuetakoa. Suteen aurkako helikopteroak Iruñean egonen dira Nafarroako edozein lekutan ordu erdi batez eraginkorrak izateko gisan. Gaur egun bi baizik ez dira, eta uztailetik aitzinera hirugarren bat egonen da. Suaren aurka borrokatzeko neurriak indartuko diren bezala, zainketarako postuak irekiko dira Nafarroako hainbat lekutan, baina gure eskualdean ez da horrelakorik izanen.

Astearteko aurkezpenean neurri horiek guziak aurkeztu bazituzten ere bi kontseilariak ados ziren herritarren arreta beharrezkoa zela errateko. Bestalde, sute baten aitzinean gertatuz gero, hainbat eginbehar aipatu zituzten. Lehenik 112ra deitu behar da modu argian suteari buruz ahal bezain bat zehaztasun emanez, hala nola, non den, nolakoa den eta biktimarik badagoen. Ttikia den neurrian saia daiteke honen itzaltzen, beti ere norberaren bizia arriskuan jarri gabe. Ustekabean harrapatuz gero, ez da inoiz gorantz ihes egin behar, baizik eta beherantz. Inguratua izanez gero, saiatu behar da landare gutti dagoen toki batean babestea, eta ezinezkoa bada, garrak hertsiak diren leku batetik dagoneko errea izan den leku batera pasatzea.

Bestalde ez da sekulan babestu behar borda edo etxola batean. Azkenik su-hiltzailek laguntzen badira, haien aginduak segitu behar dira baita joateko agindua ematen dutelarik ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun