Bidasoako gasbidearen proiektua bere gain hartu du Nafarroako Gobernuak

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 19a

Lesaka eta Baztanen arteko gasbidearen eraikitze lanak 10 hilabete iraunen dute

Lesaka eta Baztanen arteko gasbidea udalez gaindiko proiektu sektoriala izendatu du Nafarroako Gobernuak. Ondorioz hunen burutzea ez da udalen ardura izanen baizik eta herrialdearen gobernukoa eta Gas Navarrarena.

Azpiegitura berri horrekin, presio handiko gasaren banaketa garatu nahi dute Bidasoa aldeko hainbat herritan, hala nola, Sunbilla, Doneztebe, Bertizarana eta Baztanen.

Sare berriak 35km luze izanen ditu Lesakatik Elizondora. Hornituko dituen herrietan barna pasatzeaz gain zati batean Igantziko lurretan ere pasatuko da. Abia puntuan, neurketa estazioa eraikiko da Bera eta Lesakan arteko gasbidean, eta gainerako ibilbidean lau erregulazio estazio. Aurreikusi dutenez proiektuaren gauzatzea 10 hilabete iraunen du, eta 4,2 milioi euroko kostua izanen du. Behin bukatuz gero, eskualdeko bertze 6.200 biztanlek izanen dute sareko gasa. Horretaz gain Legasa Aceralia enpresak ere eskuratuko du. Ahal bezain etxe gehienetara ailegatzeko hasierako proiektuan aurreikusiak ez ziren loturak batzuk eginen dituzte, errate baterako Iruritako eta Oronoz Mugairikoa.

Gaur egungo sareko gasa Lesakaraino ailegatzen da Irundik, eta gasbide berri honekin Elizondoraino ailegatuko da. Proietu hau, Nafarroako Gobernuak eta Gas Navarra onartutako 2010erako Nafarroako Plan Energetikoaren parte da.

Proiektuaren espedientea Nafarroako Gobernuko Ingurumena, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitzaren sailak Iruñeko Armadaren Karrikan duen egoitzan kontsultatzen ahalko da hilabete batez. Nahi izanez gero, alegazioak bertan aurkeztu beharko dira idatziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun