Joan den igandean bukatu zen Txaruta elkarteak antolatzen duen Josetxo Ezkurra XVII. Memoriala. Haur eta gazteei zuzendua den txapelketaren 11 finalak goizetik hasita jokatu ziren Doneztebeko pilotalekuan.
Sei mailatan banaturik, 250 bat pilotarik parte hartu zuten aurtengo txapelketan, 24 ttikien mailan, bertze hainbertze umeen mailan, 56 kimuen mailan, 48 haurren mailan, 30 kadeteen mailan eta 24 gazteen mailan.
Azkeneko asteburuetan hainbat kanporaketa jokatu ondotik hoberenak baizik ez ziren finalera ailegatu. Ttikien B mailan Elizondoko lau pilotarien artean jokatu zen finala, alde batetik, Javier Etxegoien eta Ibon Irazoki, eta bertzetik, Elur Meoki eta Ander Zelaieta. Lan handirik egin gabe lehenak nagusitu ziren 18 eta 7. Adin bereko A mailan aldiz, finalera ailegatu ziren bi taldeen artean bat baizik ez zen gure eskualdekoa. Goizuetako Antton Apezetxea eta Iker Salaberriak ez zuten txapela joaten utzi, eta 18 eta 7 irabazi zieten Ultzamako Iñigo Iribarren eta Andoni Gaskueri. Umeen B mailan, Mattin Kazabon eta Iker Mugika oiartzuarrak Josu Eskiroz eta Andoni Agirre burlatarren aurka aritu ziren, eta 4 punturengatik 18 eta 14 nagusitu. Adin bereko A mailan, finala ez zen hain jokatua izan eta Donibane taldeko Unai Laso eta Joanes Bakaikoak jantzi zuten aurtengo txapela Berako Iñigo Martinez eta Ander Errandonea menean hartuz 18 eta 5. Kimuen B mailako finalera Berako bertze talde bat ailegatu zen, Ramontxo Albistur eta Andoni Lazkanotegi. Zoritxarrez hauek ere kale egin zuten azkeneko partiduan, eta 16 eta 18 etsi behar izan zuten Erratzuko Unai Santxotena eta Sunbillako Andoni Espelosinen aurka. Adin bereko A mailan, Elizondoko Dario Trantxe eta Iturengo Arkaitz Untxalo, eta Iruritako Iñaki Azpiroz eta Iturengo Ugaitz Elizalderen artean jokatu zen txapela. Lehenak erraz nagusitu ziren 18 eta 5. Ondotik, haurren B mailako finala jokatu zen Elbeteko Liher Etxeberria eta Amaiurko Iban Inda, eta Burlatako Josetxo Txourraut eta Santi Juandeaburreren artean. Baztandarrek ezin izan zuten deus egin, azkenean amor eman behar izan zuten 13 eta 18. Adin bereko A mailan aldiz, txapela gure eskualdean egon zen. Josu Sanjurjo eta Mikel Maia lesakarrak 18 eta 9 nagusitu ziren Burlatako Andoni Iribarren eta Iñaki Arrizabalagaren aurka. Kadeteen B mailan, baztandarren arteko finala izan zen, alde batetik, Aritz Gil zigatarra eta Sergio Hualde elizondoarra, eta bertzaldetik, Gorka Altzuarte almandoztarra eta Iñaki Perurena Elizondoarra. Txapela lehenentzat izan zen 18 eta 12 irabazi ondotik. A mailan, Urrozko Unai Madariaga eta Amaiurko Antton Jauregi, Lesakako Beñat Oronoz eta Urrozko Imanol Juanenarekin lehiatu ziren, eta nahiko orekatua izan zen norgehiagoka batean urroztarra eta Amaiurtarra 18 eta 15 nagusitu ziren. Azken finala gazteen mailako izan zen, Olaztiko Joseba Saez eta Gasteizko Zaramagako Migel Perez, eta Saldiasko Garikoitz Juanenea eta Arraiozko Mikel Mindegiaren artekoa. Partidua azken momentua arte ez zen erabaki eta azkenean gure eskualdekoek jantzi zuten aurtengo txapela ahal den alde ttikienarekin irabaziz, 22 eta 21.