Ikusminik handiena Lesaka eta Beran zegoen. Beran, azkenean, ez zen koaliziorik osatu eta EAE-ANVko Josu Iratzokik hartu zuen alkatearen makila. Lesakan, aldiz, tentsio gehiago izan zen, eta ustekabean, EAko Koldo Erkizia izendatu zuten alkate. Gainerako herrietan ez zen aparteko ezustekorik izan.
Lau zinegotziren sustenguarekin, Josu Iratzoki Berako alkate
Heldu diren lau urteetan Josu Iratzoki izanen da Berako alkatea. EAE-ANVko zinegotziek beretzat bozkatu zuten, eta gainerako alderdiek ez zuten koaliziorik egin. Hortaz, Josu Iratzokik 4 boto lortu zituen. Helena Santestebanek bi, kontuan hartuz EAren zerrendako hirugarren hautagaia ez zela plenora agertu. Aralarrek bi, eta EAJ-PNVk Nafarroa Bai bozkatu zuen, eta beraz, boto horiek baliogabetzat eman ziren. Alkate berriak, 1999tik 2003ra alkate izan zen Josu Goiaren eskutik hartu zuen agintariaren makila, eta egin zituen lehen hitzetan, "bertze alderdiekin lan egiteko prest" zeudela eta "herritarren parte hartzea" bultzatuko dutela adierazi zuen.
Ustekabean, Koldo Erkizia Lesakako alkate
Lesakan tentsio handiagoa izan zen. Hauteskundeetan boto guttien bildu zuen alderdia EA izan arren, EAko zerrendaburua, Koldo Erkizia, aukeratu zuten alkate. Hauteskundeak ospatu eta egun batzuetara EAk bere alde bozkatuko zuela jakinarazi zuen. Alderdi bozkatuena izanik, EAJ-PNVk gauza bera egin zuen. Onin Udal Taldeak, aldiz, ez zuen aldez aurretik bere bozken nondik-norakoa zehaztua. Berriki, gainerako alderdiekin hizketan ari zirela adierazia zuten, baita EAE-ANVrekin ere. Baliogabetutako botoei zegokion zinegotzia uzteko prest zirela ere erran zuten, baina hori nola egin hausnartu behar zutela. Azken hiru asteak negoziatzen pasatu ondotik, larunbat goizean bozkatzeko orduan ezustekoa eman zuen Onin Udal Taldeak EAko Koldo Erkiziaren alde bozka emanez, eta ondorioz, Juan Fermin Mitxelena EAJko zerrenda burua alkatetzatik baztertuz. Kargu-hartze ekitaldira 40 bat herritar hurbildu ziren, gehienak ASB eta EAE-ANVko baliogabetzeen aurka protesta egiteko, eta boto horiei legozkieken zinegotzi-postuak bertze batzuk hartzearen kontra manifestatzeko.
Gainerako herrietan ustekabeko nabarmenik ez
Zerrenda irekiak zituzten herrietan ez zen ezusteko nabarmenik izan. Zugarramurdin izan ezik, gainerako guztietan boto gehien bildu zituztenak izendatu ziren alkate, Elgorriagan Santos Irurueta, Eratsunen Pedro Antonio Deskarga, Ezkurran Julian Gogortza, Saldiasen Pedro Urrutia eta Urrotzen Jose Luis Larraioz. Zugarramurdin bukatu berri den legealdian bezala, Jesus Mari Agerrek segituko du bertze lau urtez. Handiagoak diren herrietan ere ez zen ezusterik izan. Arantzan Ainara Maia izanen da alkate, Areson Mikel Baraibar, Baztanen Virginia Aleman, Beintza-Labaienen Javier Otxandorena, Bertizarana Andres Etxenike, Donezteben Migel San Migel, Etxalarren Patxiku Irisarri, Goizuetan Miel Joxe Lekuona, Igantzin Iñaki Goienetxe, Iturenen Angel Petrirena, Leitzan Jabier Zabalo, Sunbillan Jose Frantzisko Errandonea eta Urdazubin Santiago Villares.
Gure eskualdean udaletxe gehienak independenteen esku egonen dira, guztira 12. EAk lau lortu ditu, Sunbilla, Lesaka, Ituren eta Doneztebe, EAE-ANVk 3, Leitza, Goizueta eta Bera, eta EAJ eta Nafarroa Bai bana, Igantzi eta Baztan, hurrenez hurren.