Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga igandean hasiko da

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 15a

Aurtengo edizioan Donato Larretxea izanen da gure eskualdeko ordezkari bakarra

Egur Sport enpresak antolatzen duen Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga igandean hasiko da Argantzon. Aurtengo ligan gure eskualdeko ordezkari bat baizik ez da izanen, Donato Larretxea.

Azken urte hauetan bezala, Urrezko Aizkolarien Txapelketako lehen 6 aizkolari hoberenen artean Liga jokatuko da uda honetan. Igandean hasi eta hainbat jardunaldi ospatuko dira iraila arte. Lehiatuko diren aizkolariak hauexek izanen dira, Floren Nazabal, Jose Mari Olasagasti, Donato Larretxea, Anjel Arrospide, Juanjo Lopez Azpilikueta eta Xabier Orbegozo, Arria V.a. Jardunaldi bakoitzean egin beharreko lana 27 enborrez osatua izanen da, eta hauek, 5 eratan moztu beharko dituzte, kolpeka, erlojuaren aurka, zutik, etzanda eta iraupenean. Lehiaketa guzietako puntuak gehituz, gehien biltzen dituenak txapela jantziko du. Bestalde, ligako lehen hiru hoberenen artean kopa jokatuko da iraila bukaera edo urria hasieran.

Aipatu bezala lehen jardunaldia igandean jokatuko da Argantzon ospatuko den Araba Euskarazen kari. Horretan, Nazabal, Arrospide eta Lopez Azpilikueta lehiatuko dira. Ondoko igandean, ekainaren 24an, jardunaldia Zigoitian jokatuko da Nazabal, Arria V.a eta Larretxearen artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun