Artzainen arrastoak Peavine mendiko lertxoinetan

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ekainaren 13a

2007/06/11. Joxe Mallearekin Renoko Unibertsitatean geratu gara. Playsant Valleytik ordu erdira dago. Virginia street hartu eta dena zuzen. Pic-upa utzi eta bere autoan joan gara. Peavine mendira goaz eta nahiko bide zakarra denez, auto aproposa beharrezkoa da. 2.500 metroko altueran dago eta hotz egiten du, nahiz eta eguraldi ederra izan. Reno nahiko altueran dago eta segituan nabaritzen da, arnasterakoan arazo gehiago baitugu. Urtxintxak, eperrak, txori andana ikusi dugu bidean. Bista zoragarriak daude igotzen goazen heinean, eta handik hurbil, indiarren erreserba bat omen dago. Artzainek hementxe edukitzen zituzten artaldeak eta hori garbi dago zuhaitzetan irakurtzen dugunagatik. Lertxoin marrak erakutsi dizkigu Joxek. Herritik ez da batere ikusten zer nolako zuhaitz piloa dagoen hemen, eta baita bazka ederra ere. Trelak ziren artzainek egiten zituzten bideak batetik bestera, eta hitz hori bera ere irakurri dugu batean. Izenak, herriak, datak… denetarik ageri da. Zenbaitzuk olerkiak ere idatzi zituzten. Eta ez idatzi bakarrik, baita marraztu ere, izarrak, bihotzak… eta emakumeak! Biscay, Valercia, Lerga, Irisarri… Charles Paul izeneko gizon alemaniar batek idatzitakoak ikusi ditu Joxek 1901 eta 1945 bitartean.

Denborarekin lertxoinak erori egiten dira zainak nahiko azalean dituztelako. Lurrean daudela azala erori egiten da, eta azalarekin batera, duten informazio guztia. Joxe orain 17 urte hasi zen ikertzen. Behin mendira joan zen bere familiarekin eta zuhaitzetan zerbait bazela ohartu zen. Poliki-poliki hameka lertxoin marra eta toki ikertu ditu eta orain ere hortan dihardu. Pena handia ematen dio lan hau orain 50 urte ez hasi izanak, oraindik informazio zabalagoa eskuratuko baitzuen.

Ez dago elurrik eta hori arraroa omen da sasoi honetan. Udaberrian egiten omen du euria, baina hori ere eskas izan da aurten. Mendira jende gutxi joaten dela erraten digu Joxek, eta gehienbat gazteak dira quad motoetan. Bazterrak txikitzen omen dituzte eta hori lan honentzat arras kaltegarria omen da. Gezurra dirudi enbor batek zer nolako informazioa izan dezakeen. Izena eta datarekin jakin daiteke holakoa edo halakoa egun zehatz horretan bertan egon zela. Lan luzea da eta Joxek argazki mordoa atera dizkie lertxoin marrei, ia jeroglifikoa da. Orain guztia datu basean sartuta dute eta interneten eskura daiteke. SHEPHER (artzaina)

EGITASMO HONEN BABESLEAK:

Eusko Jaurlaritza
www.euskadi.net
LESAKAKO UDALA
www.lesakako.net
BAZTANGO UDALA
www.baztan.es
UDALBIDE
www.udalbide.net
MARTIKO
www.martiko.com
ANTXITONEA HOTELA
www.antxitonea.com
LUR DISKOTEKA
www.lurelizondo.com
SASOI ESKABAZIOAK
MAGNA
www.magnesitasnavarras.es

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun