Mendi Abesbatzak kontzertua eskainiko du Zubietan

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 13a

Urtero bezala San Pedro eguneko meza nagusian ere kantatuko dute

Mendi Abesbatzak kontzertua eskainiko du heldu den ortziralean Zubietako elizan. Kide batzuk zubietarrak badira ere, Ion Irazokik zuzentzen duen korala ez da inoiz herri horretan aritu.

Joan den larunbatean Etxarri-Aranatzen Nafarroako Mendialdeko abesbatzen topaketan parte hartu ondotik, Doneztebeko Abesbatzak bertze bi kontzertu eskainiko ditu ikasturtean landu dutena erakusteko asmoz. Lehena ekainaren 15ean izanen da Zubietako elizan, eta bigarrena, ekainaren 29an Doneztebeko San Pedro elizan.

Zubietan, arratseko 20:30etik aitzinera, ohi duten bezala, hainbat musika motatan oinarritutako emanaldia eskainiko dute, erlijiozko kantuak, polifoniak eta kantu herrikoiak bertzeak bertze.

Ekaineko 3. hitzordua, Doneztebeko besten kari izanen da, San Pedro egunean ospatzen den meza nagusian. Eslavaren Tu es Petrus, eta Irigoienen Agur Doneztebe kantatuko dituzte urtero bezala.

Mendi Abesbatza 1996an sortu zen, eta geroztik, Malerrekako hainbat herritarrek osatzen duten korala ospea hartzen joan da, eta horretaz dudatzen dutenek aukera paregabea izanen dute heldu den ortziralean Zubietako Elizan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun