Umore ederra eta laguntasuna nagusi Winnemucako partyan

Goizalde URDANPILLETA 2007ko eka. 13a, 12:29

TTIPI TTAPA

2007/06/09. Renotik Winnemucara 265 kilometro daude. Elizabeth Eizagirre, Pedro Mari eta Mertxeren alaba etorri da San Rafaeletik eta berak eramanen gaitu. Pedro Mari eta Mertxerekin, Donamariako Bautista Mindegia eta Sandy bere emaztea doaz. Goizean goiz atera gara, 7:30ean. Ez da distantzia handiegia, baina desfilea hasi baino lehen gosaria egin nahi dute. Amerikarrek usatuak dauden gosaria hartzen da: patatak, xingarra, arrautza frijituak, kafea… Beraz, otordu honek gosari eta bazkariaren papera eginen du.

Tripa ederki bete eta desfilea ikustera joan gara. AEBetako Euskal Etxe ezberdinetako ordezkariek parte hartzen dute, eta desfilea egiteko, Winnemuccako poliziak karrika nagusia itxi du. Dantzariak, musikariak, autoak… denetarik bada. Ordubete pasatxo iraun du. Eta handik denak ‘fairground’ edo jolas-parkera goaz. Azienden lasterketak egiten dira hor. Sarrera 5 dolar ordaindu eta barnera sartu gara. Euskal produktuak daude salgai eta jendeak kamisetak, zapelak eta pitxiak erosten ditu. Jendeak edateko zerbait hartu eta harmailetara joaten da jartzera. Bero egiten du eta gehienek itzala aukeratzen dute.

Euskaldunak ikusten hasi gara, eta lehena, Lesakako Alfonso Igoa. Euskal Herria eta Lesaka ditu bihotzean, eta solasterakoan guztiz hunkitzen da. Bere ondotik pila ederra heldu da: Lesakako Jose Migel Rekondo, Agustin Andueza eta bere emaztea, Fidel eta Agustin Mitxelena anaiak eta bere emaztea… zeinen pozik jartzen garen gure eskualdeko hainbertze jende ikusita! Zenbatzen hastea ezinezkoa gertatuko litzaiguke, baina bihotza bete zaigula agintzen dizuegu. Baita beraiei ere, Rekondok erraten digunaren arabera. Solasean aritu garen bitartean dantzariek beren saiotxoak egin dituzte. Herri desberdinetatik etorritakoak dira, Boise, Idaho, San Francisco… Luci Jaimerena ere tartean da.

Batzuk dagoeneko sandwicha jan dute, eta Bautista Mindegiak dioen moduan, gustura afalduko luke. Kontuan hartu goizeko 10etan gosaldu dugula! Haurrek irrintzi lehiaketa egin dute eta jendearen oihuek erabaki dute nor den garaile. Gauza bera zato-edaleekin, baina hori bai, urarekin.
San Franciscoko klika ere taula gainera igo da eta tartean Jean Pierre Etchechuri, Santa Fe jatetxeko nagusia eta South San Franciscoko jatetxeko zerbitzari gaztea ere. Dantzarien artean, onenak Boiseko Oinkari dantza taldekoak omen dira. Une batez harrituta geratu gara, Lesakako saihesko dantza egin baitute. Santiago Irigoien etorri zaigu gogora. Jose Migel Rekondok dio dantzariek dantza ebatsi dietela lesakarreri, baina pozik erraten du hori. Ez da gutxiagorako! Zeinen urrun eta aldi berean zeinen hurbil!
Winnemuccako kazetari bat hurbildu zaigu eta argazkiak atera dizkigu. Gure telebista nongoa den, non ikusten den, nor ginen eta bertze galdetu digu. Elizabeth Eizagirrek itzulpen lana egin behar izan du, gu ez bai ginen ingelesarekin moldatzen.
Jendearen animoa berotzen doa eta hori 16:45ak direla, eta aizkolariak oraindik hasi gabe direla. Berueteko Francisco Azpiroz, Labaiengo Jose Telletxea, Brana almandoztarra eta Chris Alfaro ari dira. Branaren alaba, Stephanie ere aritu da erakustaldia eskaintzen, ez baitu kontrariorik. Etxean ez dute egurrik eta maza batekin aritzen omen dira jo eta jo. Gaurkoan galdu badu ere, Jose kontent da. Erraten du Winnemucca nahiko goiti geratzen dela eta altuera nabaritzen duela! Pedro Mari Eizagirre izaten du laguntzaile bertzeetan, baina gaur ez.
Etxeto NABOko presidentea da. Sortzez Zubirikoa da eta NABOren berri ematen digu. Urtean lautan biltzen omen dira AEBetako ordezkariak eta euskal kulturaren alde lan egitea da beraien lan garrantzitsuena. Garraldako Pedroarena ere hurbildu zaigu eta orain Euskal Herriko berriak erraz har daitezkeela erraten digu.
Poliki-poliki eguna goibeltzen hasi da, bero egiten baitu. Ez dakit eguzkiaren edo jendeak edan duen haibolaren ondorioz ote den. Umore ederra eta laguntasuna nagusi. Jesus Goñi eta Juan Krutxet aritu dira bertsotan, eta bitartean, beroketa lanak egin dituzte aizkolariek. Boiseko Jon Arrieta aritu da harri-altxatzen. Gurasoak bizkaitarrak ditu eta berak dio ez dakiela euskaraz, baina ederki daki. Aitaren tradizioarekin segitzen du berak.
Arratsaldeko seietan sokatira saioa da, baina ez dira ari Euskal Herrian bezala. Sei daude tiraka eta batzuk eskularruak zeramatzaten. Ez dira sokaren alde berean jarri, batzuk sokaren alde batetik eta bertzeak bertze aldetik. Winnemucca eta Wyoming lehiatu dira eta Wyomingek irabazi du. 18:30ean Ormaechea's jatetxera joan gara. Motel eta jatetxe guztiak beteta daude eta hemen ere ilada dago, nahiz eta arratsaldeko zazpiak izan. Afari ederra ekarri dute eta ondotik, 20:00etan, dantzaldia da Luhartz taldearekin. Halere, jendea nekatuta nabaritzen dugu, goiz jeiki eta bidai luzea egina baitute, guk bezalaxe.

EGITASMO HONEN BABESLEAK:

Eusko Jaurlaritza
www.euskadi.net
LESAKAKO UDALA
www.lesakako.net
BAZTANGO UDALA
www.baztan.es
UDALBIDE
www.udalbide.net
MARTIKO
www.martiko.com
ANTXITONEA HOTELA
www.antxitonea.com
LUR DISKOTEKA
www.lurelizondo.com
SASOI ESKABAZIOAK
MAGNA
www.magnesitasnavarras.es

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun