2007/06/08. Renotik Carson City hiriburuaren arteko errepidea da 395a. Playsan Valley auzoan bizi dira Pedro Mari eta Mertxe. Sunbillatik 18 urte zituela atera zen Pedro Mari Eizagirre, Ameriketara artzain etortzeko. Lehenik Arizonan egon zen, gero Wyomingen, eta beti nagusi amerikarrekin. Arrantxoan aritu zen, eta baita karro-kanpoan ere. 2.500 buru, zakurra eta laguna aldamenean, bertzerik ez urte osoan. Ez du lanak izitzen. Artzain izatetik utzi eta eraikuntzan, mehategian, kantinero eta baratzeak egiten aritu da urte guzti hauetan. Baina azkeneko 4-5 urteotan gauzak dexente garestitzen ari omen dira hemen.
Mertxe Llona Zornotzan jaio zen eta oso bestelakoa da bere historia. Bere osaba artzain etorri omen zen Ameriketara. Euskal Herrira joan, ezkondu eta bizitzaren zenbait jira-buelten ondotik bere izebarekin ezkondu zen. Bazuten adina, eta ez zuten seme-alabarik. Hortaz, bere ilobaren bat etor zedin eskatu zuten. Mertxe animatu zen. Hasieran pentsatu zuen turista moduan 6 hilabete pasatzea, eta… oraindik Ameriketan da. Etorri zenean 19 urte zituen eta bidaiak iraun zuen bitartean negar malkoek ito zuten. Abizenekin arazoren bat izan zuten aireportuan eta bere bila ez zen inor agertu. Bere gurasoek uste zuten galdu izanen zela, eta bere osaba-izebak erabat kezkatuta zeuden. Behin ‘turista moduan’ 6 hilabete horiek pasatuta, ausnarketa egin eta ingelesarik ez zuela batere ikasi pentsatu zuen. Hortan, ikasle bisatua atera zuen. Bi urteren buruan lagun italiar batekin Euskal Herrira joan zen, eta pena handiz itzuli zen Ameriketara. Bi lagunak negarrez, ez zutelako Euskal Herria utzi nahi. Ostatuetan aritu izan da eta hasiera-hasieratik euskaldun jendearekin harreman handia izan du. Lagun batzuekin Euskal Besta batera zihoala, 1975ean, Carson Cityko kantina batean ezagutu zuen Pedro Mari. Bertara joateko gonbitea eman eta Pedro Marik ederki hartu ere. Ordutik elkarrekin dira eta uztailaren 23an 30 urte beteko dira ezkondu zirenetik. Hiru alaba izan dituzte: Elisabeth, Loreta eta Mertxe. Euskaraz hitzegin izan diete, eta orain ere dena ulertzen dute, baina hiru alabak gurasoekin gaztelaniaz eta ingelesez mintzatzen dira. Familia ederra osatzen dute eta alabek lana aurkituko balute, eurak Euskal Herrian gustura biziko liratekeela diote Pedro Mari eta Mertxek. Hiru alabek, aldiz, AEBetan hobeki direla uste dute gurasoek, baina nork daki zer gertatuko den. Etxe polita dute. Ardi multzo bat, ‘Carlos’ aharia... eta baita Sunbillatik ekarritako 2 lizar ere. Sunbillako Miguel Ibarrak Primeneko bordatik ekarri omen zituen lizarrak San Franciscora. Berak ez zuen tokirik eta Renora ekarri zituen Pedro Mari eta Mertxeren etxera. Zuhaitz ederrak dira, eta baratze ondoan dituzte jarriak. Tomateak, lekak, piperrak, artoa… denetarik dute. Baina gehiena eta garrantzitsuena, gorputzean kabitzen ez zaien bihotza. Milesker aunitz eskaini diguzuen laguntza guztiagatik, bihotz-bihotzez.
Hori bai, bihar ere broma eta irri algara dexente eginen dugu, Winnemucca-ko bestara bai goaz. Eusebio eta bere emaztearekin hitzordua egina dugu goizeko 7etarako. Bi ordu eta erdi behar dira iristeko eta goizeko desfilea 11etan da. Beraz, gosaria eginen dugu bide erdian…
EGITASMO HONEN BABESLEAK:
Eusko Jaurlaritza
www.euskadi.net
LESAKAKO UDALA
www.lesakako.net
BAZTANGO UDALA
www.baztan.es
UDALBIDE
www.udalbide.net
MARTIKO
www.martiko.com
ANTXITONEA HOTELA
www.antxitonea.com
LUR DISKOTEKA
www.lurelizondo.com
SASOI ESKABAZIOAK
MAGNA
www.magnesitasnavarras.es