Ikastolaren 30. urteurrena ospatuko da larunbat honetan

Franck DOLOSOR 2007ko ekainaren 11

Ttikienek joku puzgarriekin ongi pasatzeko aukera izanen dute 14:00etatik 17:00ak bitarte. Franck DOLOSOR

Goiz-goizetik hasita omenaldia, dantzak, musika, puzgarriak eta hainbat ikusgarri

Olhain ikastolarentzat urte berezia da aurtengoa, 30 urte beteko baititu. Horren harira, ekitaldiak prestatu dituzte datozen egunetarako. Hasteko, ortziral honetan, ekainak 15, hitzaldia izanen da Lur Berrin, 21:00etatik aitzinera. Claude Hàgege Pariseko Collège de Franceko linguista eta ikertzailak hizkuntza guttituen egoerari buruzko mintzaldia eskainiko du. Horrela, hizkuntza garatzen, hiltzen eta berpizten den heinean, jendartea eta hizkuntzen arteko harremanez ariko da.

Baina egun haundia larunbata izanen da. 11:00etan ongi etorria eginen da, eta ondotik omenaldiak. 12:00ak bitarte ikastolako haurrek ikusgarria ere eskainiko dute herriko plazan. Eguerdi partean, 13:00etan aperififa izanen da, eta kantu eta dantzak Patxi Perez eta dantza Pikorekin. 14:00etan zikiro jatea eginen da, eta bazkaria alaitzeko ez da musika, dantza eta bertsolaririk faltako. Helduek 25 euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrek 7 euro. Halere, azken hauentzat, 13:00etan izanen da bazkaria.

Bazkalondoan, berriz, joku puzgarriak izanen dituzte ttikienek 14:00etatik 19:00ak arte. 17:00etatik aitzinera Karidadeko benta entzuteko aukera izanen da, eta Patxi Perez eta dantza Piko ere han izanen dira.

Herriko trikitilariak, gaiteroak, txistulariak eta kantariak, bertsolariak… Besta giroa egun osoan nabarituko da herrian, eta ikastolatik, haur, guraso, irakasle eta laguntzaile guztientzako gomita luzatu dute. Gisa berean, eskerrak ere eman nahi izan dizkiete. Bertzalde, aipatzekoa da, ikastolaren 30 urtetako ibilbidea ilustratzeko erakusketa bat ere prestatu dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun