Nafarroako Baliabide Naturalen Zentroak antolatuta, ekaineko asteburuetan Nafarroako hainbat ingurune garbitzen ari dira. Ekainaren 2an abiatu zuten ibilbidea Belaguan; joan den asteburuan Leurtzan aritu ziren eta heldu den asteburuan, larunbatean, Aritzakunen txanda izanen da.
Leurtzaren kasuan, kaltzada eraberritzen aritu ziren. Sasiak garbitu eta zaborrak bildu zituzten.Baztanen, berriz, Aritzakungo natur gunea berreskuratzen ahaleginduko dira larunbat honetan. Sumusukobordako Bentaren ingurua garbitzea da asmoa, Urritzateko ubidearen inguruan. Lehenago benta zenak utzitako hondakinak ere omen daude inguruan eta horiek erretiratu nahi dituzte. Gaur egun, ehiztari eta mendizaleen topagunea da txoko hori. Aipatu, Baztanen kasuan, Baztan-Bidasoa aldeko Cederna-Garalur elkarteak eta Baztango Udalak laguntza eman dutela garbiketa egiteko.
Jardunaldi hauek irekiak dira, eta nahi duen orok parte hartu dezake. Horretarako, Baliabide Naturalen Zentroarekin jarri behar da harremanetan, 948 140818 telefonoan edo crana@crana.org-en. Laugarren eta azken garbiketa eguna Salazar-Iratin izanen da, ekainaren 23an.