Eguraldi ederraren laguntzaz, giro onean joan zen aurtengo Gasna eta Artisau Feria Eguna. Goizean goizetik jende parrasta hurbildu zen plaza bazterrera. Eskulangileen lana ezagutu eta Altxatak paratutako postuan talo goxoa jateko aukera izan zen. Oroigarriak erosten ere ikusi genuen bat baino gehiago.
Berrikuntza: ardi-moztea
Karteletan iragarrita ez bazegoen ere, herriko bi gazte ardi mozten aritu ziren plazan; Joseba Danboriena eta Jabier Galarregi. Gauza berria izaki, ikusmin handia sortu zuten. Jende aunitz egondu zen, hesi bazterretik, euren lanari begira.
Herriko trikitilariek saio polita
Herriko trikitilari gazteek emanaldi berezia eskaini zuten eguerdi aldean. Feria Egunerako propio prestatutako saioan, perkusio-erritmoak, betiko doinuak, eta gaur-gaurko abesti ezagunak aditu ahal izan ziren.
Isidro Ariztegi,bi aldiz txapeldun
Basateko Bordako Isidro Ariztegi bi aldiz izan zen irabazle. Gasna Lehiaketako hirugarren postua berak irabazi zuen eta Etxalarko gasna hoberena ere berea izan zen. Normalean, klasifikazio orokorrean saria irabazten duenak ezin du Etxalarko klasifikazioan ere saria irabazi. Baina epaimahaiak erabaki zuen Etxalarkoen artean ez zegoela saria emateko moduko mailarik, eta Isidro Ariztegiri eman zioten lehen saria ere.
120 lagun herri-bazkarian
Inoiz baino jende gehiago bildu zen frontoian bazkaltzera. Artisau eta herritarren artean, 120 lagunek dastatu zituzten Herriko Ostatuko menestra eta panaderian erretako bildotsa. Giro onak eta bazkalondo luzeak ez zuten hutsik egin. Arratsaldean, herriko dantzari ttikiek saioa eskaini zuten.