Beran eta Lesakan izan ezik, jakina da zein izanen diren alkate berriak

ttipi-ttapa 2007ko eka. 11a, 12:37
Aitzineko hauteskundeetan zerrenda batzuk legez kanpo uzteak protestak eragin zituen zenbait herritako kargu hartzean. Berako kasua —argazkian— izan zen horren adibide. TTIPI TTAPA

Udal hauteskunde bereziak izan dira aurtengoak ere. Aitzinekoetan herri aunitzetako zerrendak debekatu ziren, baita oraingoan ere. Beran, Lesakan, Goizuetan, Leitzan eta Baztanen Abertzale Sozialisten Batasunarenak (ASB), eta Lesakan, Sunbillan, Areson et

Herriz-herriko azterketa egin baino lehen, aipatzekoa da Arano, Domanaria, Oitz eta Zubietan inor aurkeztu ez zelako, hemendik 6 hilabetetara eginen dela berriro hauteskunde deialdia. Gainerakoetan, larunbat honetan hartuko dute kargua hautetsiek.

Arantza. Aurten bi zerrendaren artean hautatzeko aukera zuten: Arantza Aitzinera eta EAJ-PNV. Partehartzea altua izan ohi da Arantzan eta orain ere hala izan da. 2003an %81,25ekoa, eta aurten %84,20koa. 2003an Bagara plataforma legez kanpo utzi zuten, eta zinegotzi guztiak –zazpi– EAJ-PNVrentzat izan ziren, 231 boto jasoz. Boto baliogabeen kopurua ere altua izan zen: 232. Azken hauteskundeotan 2 talde izan dira berriro, eta Arantza Aitzinera izan da bozkatuena 276 botorekin. PNVk 204 jaso ditu, aitzinekoan baino 27 guttiago.

Areso. Parte-hartzea %86,43koa. EAE-ANV legez kanpo utzita, CDN eta Areso Eraikiz zeuden lehian. Mikel Baraibarrek zuzentzen duen taldeak emaitza hobeak eskuratu ditu oraingoan ere: 2003an zazpitik 4 zinegotzi lortu zituen, botoen %39,6. Aurten, Areso Eraikiz taldearekin, botoen %70,40a lortu du eta 5 zinegotzi.

Baztan. Legealdi honetarako aurkeztu ziren lau zerrendetatik bi baliogabetu ziren, eta Baztanen historikoki indar handiena izan duten taldeak lehiatu dira. Batetik, Virginia Aleman buru duen Nafarroa Bai, eta bertzetik, Begoña Sanzberrok zuzentzen duen UPN. Lehia estua izan da, UPNk %10ean egin baitu goiti, eta 5 zinegotzi izatetik 6 lortzera pasatu baita (1.615 bototik 1.785era). NaBaik, berriz, 7 izanen ditu, EAk zuena baino bat guttiago (EAk 2.554 jaso zituen 2003an, NaBaik 2007an 1.931). Boto baliogabeen kopurua, 2003an baino haundiagoa izan da, 2003an botoen %9,77 nulo izatetik, %16,78 izatera pasatu baita 2007an. Abstentzioak ere goiti egin du: 2003an %74,73k eman zuten botoa, —normalean partehartzea hor ibiltzen da— Azken hauetan, ordea, %62,5koa izan da.

Beintza-Labaienen kasuan, partehartze eskasa da azpimarratzekoena, %38,06. Baliteke talde bakarra izateak motibazioa jautsi izana. Erroldan dauden 268tik 102k baino ez dute eman botoa.

Beran, EAE-ANV aukeran egoteak panorama aldatu du. Bozkatuena ANV izan da (botoen %30,40), eta orain arte, Udalean egon diren Aralar eta EAk boto kopurua galdu dute, baita zinegotzi bana ere. EAk 3 eskuratu ditu, eta Aralarrek 2. Estreinakoz aurkeztu den EAJ-PNVk, 2 zinegotzi ditu. Alkatetza lortzeko aukerak zabalik daude Beran.

Bertizaranan, zerrenda bakarra izatetik hiru aurkeztera, aldaketa nabaritu da. Zazpi hautetsiak Bertizaranako Elkartaldea (4), Bertizarana Bai (2), EAE-ANVren artean (1) banatu dira. Hiru zerrenda egoteak partehartzea % 60,85etik %70era igo du.

Doneztebe. Oraingoan EAJ ez da aurkeztu. Bakarrik EAk aurkeztu zuenez zerrenda, beretzat da agintea. Miguel San Miguelen itzulerak boto aunitz bildu ditu, 2003an EAk jaso zituenak baino dezeztez gehiago (botoen %48,91 2003an, eta %71,57 aurten). Beraz, 9 eserlekuak EArentzat.

Gauza bera gertatu da Iturenen ere. Miguel Angel Petrirena buru, EA bakarrik aurkeztu zen eta bereak dira zazpi ordezkariak. Halere, hemen, herritarrek EAri emandako babesa eta partehartzearen beherakada aipatzekoak dira. Partehartzea %64,47koa izan da, 2003an izan zena baino 8 puntu guttiagokoa.

Elgorriagan, bi dira azpimarratu beharreko ezaugarriak. Batetik, Nafarroan izan den partehartzerik altuena izan dela (%90,34), eta bertzetik, bi zerrenda aurkeztu izana: Bostorraz eta Nafarroa Bai. Zerrenda irekia da Elgorriagakoa, eta talde bakoitzean 5 hautagai. Herritarrek hautagai bakoitzari emandako botoaren arabera, Bostorrazeko hiru hautagai eta NaBaiko bi izan dira botatuenak. Horien artean, boto gehien jaso dituena (81) Bostorrazko Santos Irurueta izan da. Orain, hautatutako bortzek euren artean botaketa eginen dute alkatea izentatzeko.

Eratsun da eskualdean partehartze ttikienetakoa izan duen bertze herria, %43,25ekoa. 2003an bi talde aurkeztu baziren ere, aurten bakarra izan da, Iruñarri, eta bortz hautagaien artean botatuena Pedro Antonio Deskarga izan da. Hemen ere, zerrenda irekiak direlako, euren arteko botaketa egin beharko dute. Bertzela, Pedro Antonio Deskargak segituko du alkatetzan.

Etxalar. Alkatetzako makilak Herri Taldearen eskuetan segituko du. Halere, boto kopuruan beheiti egin du Herri Taldeak eta goiti EAk, eta 15 botoren tartea egon dago bien artean (240 Herri Taldeak eta 225 EAk).

Ezkurran partehartzea ez da hagitz altua izan: %48,7koa. Talde bakarra aurkeztu zen, Idoia, eta hautagaietan botatuena Julian Gogortza izan da.

Goizueta. Hauteskunde hauetan bi ezaugarri nabarmendu daitezke. Batetik, historikoki talde bakarra aurkeztu den herrian (orain 20 urte aurkeztu ziren bi talde) hiru talde aurkeztu direla aurten. Goizuetako ASB legezkanpo utzi zuten, eta EAE-ANV eta Elkartasuna taldeen artean banatu dira botoak. Bestetik, lau botoko diferentziak alkatetza eman dio lehen ere alkate izandako Miel Joxe Lekuonari (EAE-ANV). Lehia estua, beraz, 292 EAE-ANVk eta 288 boto Elkartasunak.

Igantzin, 1999an elkartuta aurkeztu ziren EAJ eta EAren artean banatu dira hauteskunde hauetako eserlekuak. Aipatzekoa da, 2003an bakarrik Herri Taldea aurkeztu zela, eta orduan berak eskuratu zituen boto kopurua (314 boto) baino guttiago eskuratu dutela aldi honetan EAk (120) eta EAJ-PNVk (184) biak batuta.

Leitza. Udal hauteskundeek nabarmen aldatu dute Udalaren osakera. Aipagarriena, EAE-ANVren garaipena batetik, eta Aralarren beherakada bestetik. 11 hautetsitik 6 lortu ditu ANVk eta berea izanen da alkatetza hurrengo lau urteetan. Bere aldeko boto kopuruak ere gorakada nabarmena izan du. 2003an Larrain Herri Plataformaren baliogabetzea tartean zelabotoen %30 nuloak atera ziren. 2007an, ordea, ANVk botoen %46,28a lortu du. Aitzitik, Aralarrek, hautetsi guztiak (4) galdu ditu. UPNk ere beheiti egin du, 3 ordezkari galdu baititu (5 izatetik 2 izatera pasatuz), eta EAk, aldiz, goiti, 2tik 3 hautetsi izatera pasatu da.

Lesakan, 5 zerrenda aurkeztu ziren, baina EAE-ANV eta Lesakako ASB legez kanpo uzteak hirutara mugatu du herritarren aukera. Bertze legealdi batez, EAJ-PNVk irabazi du, baina oraingoan ez du lortu aitzinekoetan EArekin batera zuen gehiengoa. EAJ eta EA ez dira koalizio moduan aurkeztu, eta horrek airean utzi du alkatetza. EAJk 5 hautetsi eskuratu ditu, Oninek 4 eta EAk 2. Elkartzeko aukera posibleak dauden aldetik, erabaki gabe dago alkatetza. Boto baliogabeen kopurua, berriz, 2003an bezalatsu ibili da, botoen %18-19a.

Saldias. Zerrenda irekiak hemen ere, eta bozkatuena orain ere alkate den Pedro Urrutia izan da. Partehartzea %57,89koa izan da. Alkatea zein izanen den jakiteko, hautagaiek botaketa eginen dute, eta gehiengorik atera ezean, Pedro Urrutiak segituko du alkate izaten.

Sunbilla. Orain arte bezala, EArena izanen da alkatetza legealdi berrian ere. Oraingoan Jose Fco. Errandonea buru duela. Sunbildarrak taldearen eta EAren artean banatu dira ontzat emandako botoak. EAren jarraitzaileek ez diote hutsik egin alderdiari aurten ere, boto berdintsuak eskuratu baitituzte: 2003an 301, eta 2007an 298. Sunbildarrak taldeak 93 boto lortu ditu bere estreinaldian, eta zinegotzi bakarra. Gainerako seiak EArentzat izan dira. EAE-ANV baliogabetzea tartean, 87 boto nulo izan ziren. Halere, 2003an baino nulo guttiago aurten.

Urdazubin, %83,14ko partehartzeak eta 14 botoko aldeak eman dio alkatetza Azkar taldeko Santiago Villaresi. Aitzineko hauteskundeetan Andres Diharasarriren Urtxume taldea bakarrik aurkeztu zen, baina oraingoan, hiru zinegotzirekin gelditu da. Santiagorenak, lau ordezkari izanen ditu.

Urrotz eta Zugarramurdin zerrenda irekiak dira eta bietan talde bakarra aurkeztu zen, Herriko Alkartasuna Urrotzen, eta Akelarre Zugarramurdin. Urrotzen partehartzea %66,45ekoa izan da eta Jose Luis Larraiotz bozkatuena. Zugarramurdin, partehartzea %56,74koa izan da, eta botatuena, Evaristo Mentaberri. Aipatzekoa da, Zugarramurdin, 2003an 2 talde aurkeztu zirela, eta bakarra honetan. Bai Urrotzen eta bai Zugarramurdin, alkatetza bortz hautagaien esku dago, eta gehiengorik ateratzen ez bada, orduan, bozkatuena izanen da alkate.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun