Bihar hasiko da Iparraldeko Jokoen Torneoa

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 11

Iaz bezala gure eskualdeko ordezkaritza zabalak hartuko du parte

Larunbatean hasiko da VII. Iparraldeko Jokoen Torneoa Errotxapean jokatuko den lehen jardunaldiarekin. Modalitate ezberdinetan, gure eskualdeko 11 ordezkarik hartuko dute parte.

Aurtengo txapelketa VII.a izanen da, eta hiru jardunalditan jokatuko den ligaxkan erabakiko da. Lehena larunbatean izanen da Errotxapean, bigarrena ekainaren 24an Igantzin, eta azkena, uztailaren 1ean, Orbaitzetan. Iparraldeko jokoetan 7 modalitate izaten badira ere, 2007ko torneoa 6tan baizik ez da jokatuko, koxkor biltzea, ingude altxatzea, harri-jasotzea, lasto altxatzea, zaku lasterketa eta txingak. Zazpigarren modalitatea orgarena izaten da, baina parte hartzailerik ez dagoenez, aurten ez da jokatuko.

Koxkor biltzearen proban, 50 koxkor bildu beharko dituzte, eta lehiatuko diren 6 lagunen artean gure eskualdeko 3 ordezkari izanen dira, Fernando Etxegarai beratarra, Patxi Irazoki igantziarra eta Iñigo Lasa etxarlartarra. Ingurdeetan, 18 kiloko pisua ahal bezainbat aldiz altxatu beharko dute minutu batez. Honentan gure eskualdeko ordezkariak Berako Igor Lasaga eta Igantziko Karlos eta Xabi Sein izanen dira. Harri jasotzearen txapelketan hiru eratako harriak jaso beharko dituzte, 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola. Ahal bezain bat altxaldi egiteko minutu bateko denbora izanen dute, eta ondotik, pisuak gehituko dira. Proba honetan eskualdeko parte hartzaile bat baizik ez da izanen, Sunbillako Unai Bertiz. Azken hau txingetan ere arituko da Beintza-Labaiengo Josetxo Urrutia eta Berako Joseba Petrirenarekin. Pisuak 40 kilokoak izanen dira, eta ahal bezainbat plaza egin beharko dituzte. Txapela erabakitzeko jardunaldi guzietan egindako plazak gehituko dira. Minutu batez ahal bezainbat aldiz 40 kiloko lastoa altxatzeko proban, iaz bezala parte hartuko duten guziak igantziarrak izanen dira, Karlos eta Xabi Sein, Oskar Telletxea eta Iñaki Bereau. Taldeka jokatuko den proba bakarrean, zaku lasterketan, bi talde besterik ez dira aurkeztu: Berriozarkoa eta Igantzikoa.

Larunbatean jokatuko den lehen jardunaldia 20:00etan hasiko da Errotxapeako Margarita Plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun