AEBetan sortutako euskaldunak

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ekainaren 8a

TTIPI TTAPA

2007/06/01. Myra Way Lakeko 774 zenbakian bizi da Garbine Elizegi lekaroztarra. Goizean goiz iratzarri eta bazkaria prestatzen hasi da, Idoia Salaburu gonbidatu baitu. Lekak, entsalada, patata tortila… nork erran behar zuen San Franciscon ginela eta ez Baztan-Bidasoako edozein sukalde txokoan!

Idoiak Naia eskolan utzi du eta Iban ttikia bere amarekin. Gero etorri da guregana. Idoia bigarren generazioko euskalduna da, gurasoak baztandarrak ditu eta bera Amerikako Estatu Batuetan sortua da. Bere ama hizkuntza euskara da. Bortz urterekin eskolan hasi arte, ez zuen hitzik ere egiten ingelesez. Orain euskara, gaztelania eta ingelesa menperatzen ditu. Beti Euskal Etxearen inguruan mugitu da, eta hor ikasi ditu euskal dantzak eta kantuak. Behin ama izanta, berriz ere Euskal Etxera biltzeko sentimentua berpiztu zaio. Lucy Jaimerena eta Rosa Mari Arriadarekin Haur Eskola Ttipia muntatu dute. Hiruak baztandarren alabak dira eta haur ttikiei jokoak eta kantak erakusten dizkiete, euskaraz. Ez zuten lan erraza izan, eta hastapenean, Euskal Etxean aurkeztu behar izan zuten euren egitasmoa. Hauek ez zuten sobera sinesten proiektuan, baina hala ere, beharrezko materiala eman zieten eta Euskal Etxean gela bat atondu zieten. Lehenengo urtean haur gutti zituzte Haur Eskolan, baina urtetik urtera kopurua hazten joan da. Larunbat goizetan biltzen dira Euskal Etxean eta 2 orduz egoten dira. Haur batzuk ez dakite euskaraz eta euskal sentimentua izan dezaten ahalegina egiten dute. Idoiak hainbat eta hainbat ikastaro egin ditu honetan murgiltzeko eta benetan kontent da.

Bazkaltzeko denboraren erdia euskaraz eta bertze erdia ingelesez joan da, Rai, etxeko nagusia, gurekin baita. Raik jatorri filipinarra du, eta San Franciscoko kultur aniztasunaren izpiritua bizitu dugu mahaiaren inguruan. Errespetu osoz nahiz euskaraz nahiz ingelesez, bai ederra!

Eguerdiko bietan Idoia joan da Naia eskolatik biltzera. Lombar, Chinatown, Twin Peach… nik zer dakit zenbat toki ez ote ditugun ezagutu Grabinerekin. Egun luze joan da, eta bihar hegoaldera joanen gara, South San Franciscora.

EGITASMO HONEN BABESLEA:

Eusko Jaurlaritza
www.euskadi.net
LESAKAKO UDALA
www.lesakako.net
BAZTANGO UDALA
www.baztan.es
UDALBIDE
www.udalbide.net
MARTIKO
www.martiko.com
ANTXITONEA HOTELA
www.antxitonea.com
LUR DISKOTEKA
www.lurelizondo.com
SASOI ESKABAZIOAK
MAGNA
www.magnesitasnavarras.es

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun