Baztan Bidasoako Milakabilaka Ariketa larunbatean aurkeztuko dute Berako Lur Gorrian arratsaldeko 18:00etan eginen den ekitaldian. Bertaratuko diren eskualdeko hainbat eragilek, politikoak eta sindikalak izan ezik, Milakabilaka agiriaren aldeko atxikimendu kanpainari ekiteko konpromisoa hartuko dute.
Sigla eta alderdi politikoekiko loturarik onartu gabe elkarrizketa eta akordioaren alde egiten duen mugimendu herrikoia da Milakabilaka. Urte hasieran sortu zenez geroztik eskualdez eskualde dabil bere ideiekin bat egiten duten ahal bezain bat herritarren atxikimendua lortzeko asmoz. Larunbateko ekitaldian, Milakabilaka ariketaren gure eskualdeko aurkezpena eginen da, eta horretarako mugimendu herrikoiaren agiria irakurriko da, eta ohitura duten bezala, bertaratu direnekin argazkia aterako. Baztan Bidasoan 50 bat atxikimendu lortzea espero dute antolatzaileek jakinarazi dutenez. Bestalde, gonbidatuak daude ere, behin betiko bakea elkarrizketaren bidez lortuko dela uste duten guziek.
Goizetik, argazki baten bidez pertsonen atxikimendua biltzen duen kamioia Berako Lur Gorrian egonen da. Azken hau Euskal Herri osoa zeharkatzen ari da herritarren argazkiak eginez. Nahi dutenek, bost euroren truke, “Errespetua” lemarekin argazkia atera ahal izanen dute, eta aurpegia eman konponbidearen alde. Ondotik argazki hauek www.milakabilaka.org web orria ikusten ahalko dira.
Ekitaldia girotzeko, arratsaldeko 17:00etatik aitzinera hainbat erakustaldi eta karrika animazio eskainiko dira, aizkora Donato Larretxearekin, dantzak, trikitilariak, txalapartariak, gaiteroak eta txarangak bertzeak bertze.