Nafarroaren Uraren Foroko bigarren bilera parte hartzailea ortzegun arratsaldean eginen da Bertizko Jauregian. Hitzordu horretan, urarekin eskualdeak dituen arazoei buruz gogoeta eginen da baita egoeraren diagnostikoa eztabaidatuko ere.
Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailaren parte den Ingurumen-baliabideen Zentroak bultzatzen du Uraren Foroa. Joan den urtean sortu zen Nafarroako uraren kudeaketa eta erabilpen iraunkorrari buruzko estrategia betetzeko helburuarekin. Horrekin, uraren egoera ona segurtatu nahiko lukete heldu diren belaunaldietarako. Hortaz uraren eskaeraren kudeaketan oinarritua den politika sustatu nahi dute baliabide naturalak ahal bezainbat zainduz eta aurreztuz.
Helburu hauek betetzeko bi dokumentutan oinarritu nahi dute, alde batetik dokumentu teknikoa, datu zientifikoak dituenak, eta bestaldetik, bertakoen diagnostika jasoko duen dokumentua. Izan ere, azken hilabetetan herritar eta tokiko eragileen iritziei jasotzeari ekin diote, eta horretarako topaketak antolatu dituzte eskualdez eskualde. Lehena maiatzaren 16an egin zen eta ortzegunekoa bigarrena izanen da. Azken huntan urarekin gure eskualdeak dituen arazoei buruz arituko dira, eta denen artean diagnostiko bat adostea saiatuko.
Hitz ordu publiko hauek Baztan Bidasoako Uraren Foroan izena eman dutenei zuzendua dira baita oraindik apuntatu ez diren eskualdeko eragile guziei ere, udaletako ordezkariak, garapenerako agentziak, mankomunitateak eta urarekin harremana duten erakunde guziak.
Bigarren topaketa hau arratsaldeko 17:00etan hasiko da, eta ordu erdi batez aurkezpenak egin eta, Baztan Bidasoan urarekin izaten diren arazoak hausnartuko dira taldekako lanean. Bi ordu beranduago 19:30ean, egin den diagnostikoari buruz eztabaidatuko da. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete 948 390 045 zenbakira deituz edo bestenaz cfpinedo@avird.com helbide elektronikora idatziz.