2007/6/5. Asteartea da dagoeneko. Astelehenean San Franciscotik Renorako bidea egin dugu. Denetara ia 6 ordu. Autobusak Oakland, Sacramento eta Renon egin ditu geldialdiak. Dei bat egin dugu iritsi orduko eta hantxe genuen zain Pedro Mari Eizagirre sunbildarra. Bere emaztea, Mertxe, bizkaitarra da. Etxeko ateak zabaldu dizkigute eta baita mila kontu kontatu ere. Hemen jendea goiz joaten da lotara, goiz hasten baita lanean, baina hala ere, ia gauerdia zen erretiratu orduko. Mertxek traumatologo baten kontsultan egiten du lan eta Pedro Mari baratzeak egiten aritzen da, hemen erraten duten moduan.
Renoko Unibertsitatera goaz eta bidean Atlantis kasinoa ikusi dugu. Benetan harrigarria gertatzen zaigu, eta pentsa! 3.000 lagun ari dira lanean kasino honetan. Unibertsitatean sartu eta Getchell Library topatu behar genuen, harat joateko erran bai zigun Joxe Malleak –historia irakaslea da Renon, eta Nevadako Unibertsitateak duen Center for Basque Studies-en arduraduna–. Basque Center irakurri dugu eta gezi hori segitu dugu, beti ere, Pedro Mariren laguntzaz. Bidean jende kuadrila bat ikusi dugu eta kanapeak jaten ari ziren. Bistan da hemen ere, ekitaldien inguruan, jan egiten dutela! Joxe Mallea eta bere emaztea topatu ditugu. Egun handia da gaur, Robert Laxaltek lehenengo liburua idatzi zuela 50 urte betetzen baitira. Bere anaiari esker laguntza lortu zen Basque Center-arentzat, eta laguntza horrekin jarri zen martxan. Unibertsitateko erakin batek bere izena darama. Baina gaurkoan, Robert Laxalt da omentzen dena. Bere bi alaba ere hementxe zeuden, Ann Ronaldek eman duen hitzaldian. Bitartean Joxerekin mintzatu gara eta bere bizitzaren berri eman digu. Hogei urte dira honat etorri zela. Ikasle eta irakasle. Doktoretza egin zuen Renoko Unibertsitatean eta euskarazko klaseak eman ditu. Kontatu digu lertxoin-arboletako marren kontuetaz maiteminduta dagoela, eta oraindik ere ikerketa lan horrekin segitzen duela. Artzainek utzitako arrasto hauek aztertu ditu, nahiz eta artzainek inolako garrantzirik ez eman. AEBetako euskal komunitatea ttikitzen ari da, eta berriki, Periko Zubiria lesakarra hil dela erran digu. “Geroz eta gehiago hiltzen dira…”. Joxek etxean egiten du lan. Jubilatua egon behar zen, baina lan honetan segitzeko asmoa du. Heldu den astelehenerako hitzordua jarri dugu. Berak mendira eramanen gaitu, lertxoin marrak dauden tokitara.
Dagoeneko 19:30ak dira, eta hemen, hagitz berandu da hori. Joxek eta bere emazteak Pedro Mari Eizagirreren etxera eraman gaituzte eta astelehen arte agurtu gara. Bihar Virginia City, mendebaldeko herri tipikoa, ezagutzera eramanen gaitu Mertxek, Pedro Mariren emazteak.
EGITASMO HONEN BABESLEAK:
Eusko Jaurlaritza
www.euskadi.net
LESAKAKO UDALA
www.lesakako.net
BAZTANGO UDALA
www.baztan.es
UDALBIDE
www.udalbide.net
MARTIKO
www.martiko.com
ANTXITONEA HOTELA
www.antxitonea.com
LUR DISKOTEKA
www.lurelizondo.com
SASOI ESKABAZIOAK
MAGNA
www.magnesitasnavarras.es