Besta eguna South San Franciscoko Euskal Etxean

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ekainaren 7a

2007/06/02. Larunbata da eta 25 urte bete dituen South San Franciscoko Euskal Etxean besta egun handia da. Eraikin ederra da. Aparkalekuan auto andana ikusi dugu. Matrikuletan GARZAIN, GAZTELU edota MUGAIRE irakurri dugu. Euskal Etxeko lehendakaria den Xabier Berruetarekin izan gara. Ama gartzaindarra du eta aita arraioztarra. Baina bere aitatxi, Manuel Berrueta, Etxalarren sortua zen. Aita artzain etorri zen Ameriketara eta 15 urte lan egin ondotik 1966an joan zen. Ezkondu eta San Franciscora etorri zen. Jardinero lanak egin izan ditu eta orain erretiratua dago.

Euskal Etxean ohiko jarduerez gain –dantza, pilota, kantuak– jarduera osagarriak ere egiten dituzte: film emanaldiak, Haur Ttikien Eskola… 500 famili dira bazkide eta beraien helburua da euskal komunitatea zabaltzea, euskaldunoz dagoen irudia aldatu eta izen-ona indartzea.
Euskal Herria maite dute eta maita arazi nahi dute. Xabier presaka dabil, laster pilota partida izanen baita.

Martxel apeza Euskal Etxean bizi da. Dagoenekoz baditu 18 urte San Franciscon bizi dela eta Euskal Etxeetako picnic guzietara joaten da. Besta eta ospakizunetan meza ematen du, eta horrez gain, bataioak eta ezkontzak ere egiten ditu. Arras interesgarria da bere bizitza. Bere autoak ‘pottoka’ du izena eta lehen zuenak ‘zimizta’.

Hastear da pilota partida. Nagorek min hartu zuen Bakersfieleden eta Deluzek ordezkatzen du. Pilotalekuak 600 lagunendako tokia du eta jendeak afizioa baduela begi bistakoa da. Animo oihuak eta eskuzartak ausarki entzuten dira. Gaur ere Jose Rekondo beraiekin da. Partida 30 tantotara izan da eta urdinen alde, beraz gazteen alde, akitu da.
1982 jartzen du pilotalekuko paretan eta 2 aldeetara AEBetako ikurra eta ikurrina.

Afarirako txartelak 25 dolarretan daude salgai. Jendea jangela atarian pilatzen da. Jose Luis Arrastio eta Graciano Etxaide ikusten ditugu. Besarkada ederra eman digute.
AEBetako Euskal Etxeen arteko mus txapelketako finala jokatu da, eta hortaz, bertze estatuetan bizi diren euskaldunak topatu ditugu. Reno, Wyomming, Gardneville… Afalondoko dantzaldia Luhartz taldearekin dute eta lehen pieza jo orduko jendea dantzan hasi da.

Ostatuak gehienez ere goizaldeko 2ak arte egon daitezke zabalik, eta jendea lekutzen hasi da poliki-poliki.
Halere, tarte hori ederki probexten dute. Igandea ere egun handia da, beraz, erretira!

EGITASMO HONEN BABESLEA:

Eusko Jaurlaritza
www.euskadi.net
LESAKAKO UDALA
www.lesakako.net
BAZTANGO UDALA
www.baztan.es
UDALBIDE
www.udalbide.net
MARTIKO
www.martiko.com
ANTXITONEA HOTELA
www.antxitonea.com
LUR DISKOTEKA
www.lurelizondo.com
SASOI ESKABAZIOAK
MAGNA
www.magnesitasnavarras.es

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun