Uda hurbiltzen ari dela eta, langabeziak behera egiten segitzen du

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 5a

Gure eskualdean, duela hilabete bat baino 54 lagun guttiago daude lanik gabe

Aurtengo otsailaz geroztik izan duen beherakadarekin segitzen du gure eskualdeko langabeziak. Maiatzean lanik gabe zeudenen kopuruak behera egin du 54 lagunez. Hortaz ekainaren hasieran Doneztebeko INEM bulegoan apuntatuak zirenak 520 ziren.

Adin eta generoen arabera, joan den hilabeteko beherakada nahiko orekatua izan dela erran daiteke. Hogeita bost urte baino guttiagokoetan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan langabezian zeudenen kopurua 8 lagunez jaitsi da, eta hilabete hunen hasieran 25 urte baino guttiago duten 31 emakumek eta 26 gizonek langabezian segitzen dute gure eskualdean. Hogeita bost urte baino gehiago dituztenetan beherakada handixeago izan da baina guttigatik. Lana bilatzen duten adin horretako emakumeak 301 dira gaur egun gure eskualdean. Pasa den hilabetean 22 lagunez behera egin badu ere langabezia gehien pairatzen dutena izaten segitzen du. Gizonezkoen kasuan ere behera egin du baina ez hain nabarmen, 16 lagunez hain zuzen ere, eta hilabete hunen hasieran adin horretako 162 gizon lana bilatzen segitzen zuten.

Doneztebeko INEM bulegoko datuak arloz arlo begiratuz, uda gainean dugula eta, zerbitzuetan izan da beherakada handiena. Sektore horretan 29 lagunek lana aurkitu dute maiatzean. Hala ere, lan eskaera gehien dituen arloa izaten segitzen du 318 langabeturekin. Horretaz gain beherakada bertze bi arlotan nabaritu da, industrian eta inoiz lanik egin ez dutenetan. Lehenaren kasuan INEMen izena eman duten kopurua 15 lagunez jaitsi da eta gaur egun 140 langabezian daude, eta bigarrenean 9 lagunez jaitsi da, eta 17 baizik ez dute lanik gabe segitzen. Gainerako bi arloetan eraikuntzan eta nekazaritzan gorabeherak ez dira aipagarriak izan. Eraikuntza lagun batez gora egin du, eta beraz gaur egun 40 dira arlo horretan lana bilatzen dutenak, eta nekazaritzan bi lagunez behera egin du, eta arlo horretan 5 lagun gelditzen dira lanik gabe.

Nafarroako INEMeko bertze bulegoetako datuak kontuan hartuz, bataz bestekoaren arabera langabeziaren beherakadarik handiena gure eskualdean izan da, %9,4, herrialde osoan %5,5 izan delarik. Joan den urteko garai bereko datuak kontuan hartuz, langabeziak 80 lagunez gibelera egin du. Iaz maiatzaren bukaeran 600 lagun langabezian zeuden gure eskualdean eta aurten 520.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun