Arkupeak erretiratuen elkarteko besta ospatzen zutela eta, gure eskualdeko 700 bat lagun elkartu dira Gorraizen. Urteroko ohiturari eutsiz, elkarteko kideen artean 50 urte ezkondurik daramaten bikoteak eta 85 urte bete dituzten lagunak omendu dituzte.
Arkupeakeko ekitaldietan maiz izaten den bezala, eguna mezarekin hasi dute. Sei ehun bat jartzeko toki izaten dituen Gorraizeko eliza bete dute, eta gutxi batzuk sutik egon behar izan dute. Hurbildutako jendeen artean gehienak Arkupeko kideak dira, baina omenduak direnen familiar anitz ere ez dute besta huts egin nahi izan. Eskualdeko apezek emandako meza 11:30ean hasi da, eta ordu inguru iraun du. Eguneko liturgia irakurri ondotik ohi bezala aurten hil diren elkarteko kideak gogoarazi dituzte.
Meza bukatu bezain laster, omenaldia hasi da. Banan bana deituta, eliza aitzinera hurbildu behar izan dute eskaintzen zaien oroigarria hartzeko. Aurten 85 urte bete dituzten 30 pertsona omendu dituzte. Ondotik urrezko ezteiak ospatzen dituzten txanda izan da, hauek 14 izan dira. Azkenik omenaldiekin bukatzeko, Diamantezko ezteiak ospatzen dituzten, Leitzako Martin Sagastibeltza eta Rosalina Elizalderi ere oroigarriak banatu dizkiete.
Meza eta omenaldiak bukatuak zirela, Arkupeakeko kideak eta haien familiarrak Gorraizko Dorreko ostaturantz abiatu dira Bazkaltzeko.