Markel Lizasoainek irabazi du Baztan Bidasoako Bertso Paper lehiaketa maila nagusian

ttipi-ttapa 2007ko eka. 4a, 19:01

Gainerako mailetan, Sukil Etxenike, Amaia Elizagoien eta Maialen Belarrak lortu dituzte lehen sariak

Berako Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Bertso Eskolak antolatu duten Baztan Bidasoako XX. Bertso Paper Lehiaketaren sari banaketa egin zuten joan den ortziralean. Ekitaldian sariak hartzeaz gain, maila ezberdinetako lehen hiruek aurkeztu zituzten bertsoak kantatu zituzten jendaurrean.

Hamabi urte artekoen mailan irabazlea Elizondoko Sukil Etxenike izan zen “Bertso Jaialdia” izenburua zuten bertsoekin. Bigarren saria Xalbat Matxikoterentzat izan zen, eta hirugarrena Aitor Altzugaraientzat. Sukilek 50 euroko saria eskuratu zuen eta bertze biek 30 eta 20koa hurrenez hurren. Hamalau urte artekoen mailan bi sari baizik ez ziren banatu. Lehena Oronozko Amaia Elizagoienek lortu zuen “Itxuraren Garrantzia” izeneko bertsoei esker. Bigarren saria berriz Ainhoa Astizentzat izan zen baita honi zegokion 75 euroko diru saria ere. Maila horretako lehiaketa irabaziz oronoztarrak 120 euro jaso zituen. Ondoko mailan, 18 urte artekoen mailan, Doneztebeko Maialen Belarra izendatu zuten irabazle. “Lortuko dugu” izeneko bertsoei esker zegokion mailan gailendu zen eta lehen sariarekin zetorren 130 euroko diru saria eskuratu zuen. Bigarren saria Iker Gorosterrazurentzat izan zen, eta hirugarrena Ioa Taintarentzat, 80 eta 50 euro irabazi zituzten hurrenez hurren. Maila nagusian, 18 urte baino gehiagokoetan, Markel Lizasoainek irabazi zuen lehen saria. Bigarrena Gaizka Sarasola izan zen eta hirugarrena Julen Zelaieta. Urkia izeneko bertsoei esker Markelek 150 euroko saria eskuratu zuen eta bertze biek 90 eta 60koa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun